Txinatar bat Euskal Armadan

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Unamuno 2021ko uzt. 25a, 08:00
Garaileek ekoiztutako 'Prisioneros de Guerra' dokumentaletik ateratako irudia. Eskuinean, Aking Chan. / Sancho El Sabio

Begoña Ariznabarreta (Soraluze, 1953) Luis Ariznabarreta 'Espilla' milizianoaren alaba da, eta iaz ikerketa abiatu zuen aitak gerran lagun izan zuen Aking Chan brigadista txinatarraren ondorengoak topatzeko. Hamar hilabetean, fruituak eman ditu eta, bide batez, sakonago ezagutu ditu aita eta gerra.

Iaz, konfinamendua ezarri zenean, Begoñak, bere ahizpekin batera, aitak Gerra Zibilari buruz idatzitako eskuizkribu sorta aurkitu zuen gurasoen etxean Gasteizen: "Ganbarako materialen artean agertu ziren, eta, tartean, aiba! Rusos y chinos en el ejército vasco eta Un chino en el ejército vasco izeneko bi eskuizkribu. Lehenengoan, kontatzen du nola asturiarrek euskal soldaduak euskaraz entzun zituztenean pentsatu zuten errusiarrak zirela; eta bigarrenean, berriz, aipatzen du gerrako azken asteetan "Shangai" izenez deitzen zioten txinatar bat izan zutela gudakide Iparreko frentean.

Begoñak interneten kontsultatu zuen gaia eta Los brigadistas chinos en la Guerra Civil liburuarekin egin zuen topo (Txina, 2001). Gaztelerazko bertsioa (Madril, 2013) eskuratu eta lehen orrietan aurkitu zuen bilatzen zuena: Aking Chan brigadistaren aipamena. Ordea, ez zioen ezer aitak kontatzen zuenaz, alegia, Chan Gijonen lehorreratu zela eta Euskal Armadako kide izan zela.

Aita, miliziano eta preso

Hari horri tiraka, Begoña harremanetan jarri zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko itzultzaileekin, eta euren laguntzaz lortu zuen liburuaren jatorrizko egileekin kontaktatzea, Hwei eta Len Tsou-rekin, Kalifornian bizi diren txinatar jatorriko senar- emazteekin. "Informazioa trukatu ostean, esan nien polita izango litzatekeela Chanen ondorengoei aitaren eskuizkribuak ematea eta, harrezkero, elkarrekin dihardugu ikertzen". Azken asteotan, Gijonen eta Parisen aurkitu berri dituen pistek are gehiago hauspotu dute ondorengoak aurkitzeko itxaropena.

Txinako legazioko ordezkari bati entregatu zioten Aking Chan, 1943. urtean

Datuak osatu nahian, Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioan ziharduela, ezustean, 90eko hamarkadan Carlos Blasco Olaetxea Fondoak aitari egindako elkarrizketaren audioa aurkitu zuen Euskadiko Artxibo Historikoan. "Audio horretan nire aitaren kontakizuna dago, Plazentziatik atera, Asturiasen preso hartu eta askatu zutenera bitarte. Altxor handia da guretzat, eta inpaktagarria momentu askotan".

Eskuizkribuetan eta audioan kontatu zuenarekin ari da osatzen aitaren gerrako ibilera: 1936an, 20 urte zituela, Luis Ariznabarreta Espilla boluntario aurkeztu zen Euskal Armadan borroka egiteko. Lehenik, Compañía Placentinako kide izan zen (hainbat ideologiatako 200 bat plazentziatarrekin batera) eta, ostean, Amuategi batailoi sozialistako miliziano. Basalgo, Irure eta Arrateko frenteetan atzeraka hasi eta bonbardaketaren testigu izan zen Gernikan. Etxanon, Lemoan eta konta ezin ahalako batailatan egin zuen borrokan, 1937an Trubian (Asturias) inguratu eta preso hartu zituzten arte. Han hasi zen galtzaileen "kalbario handia".

Luis Ariznabarreta, Soraluzeko Santa Ana kalean, 1946an. / B. A.

Garaileek preso hartu eta gero, hiru urte egin zituen preso eta bat "errekruta". Lehen hiru urteetan, Espainiako hainbat kontzentrazio esparrutan eduki zuten, batez ere, lan behartuak eginaraziz: Mieres (Asturias), El Picadero eta San Marcos (Leon), Santoña (Kantabria), Teruel, Cuenca, Guadalajara, Castellon…  Azkenik, 1940an, Plazentziara ekarri zuten guardia zibilaren koartelera, baina handik Donostiara bidali zuten "errekruta", zigorra luzatuz beste urtebetez. 1941eko abenduan bueltatu zen etxera, baina baldintzapean eta herritik ateratzeko debekua ezarrita. Gainera, 1936 eta 1945 urteen artean, aita, ama eta bi anai galdu zituen, gaixotasunen eraginez.

Shangai "laguna"

Luis Ariznabarretak Un chino en el ejército vasco eskuizkribuan kontatzen duenez, Asturiasen ezagutu zuen Shangai, nazionalek preso hartu baino zortzi aste lehenago."Cecedan geundela (Asturias), Shangai hirian sortua zen txinatar bat heldu zen gure artera, bi euskaldunek lagunduta, gure Brigadan enrolatzera. Nire eskuadrara destinatu zuten eta geurekin batera egin zuen borrokan, eta preso ere geure ondoan izan genuen. (...) Honenbestez, aitatzen dudan txinatarrak euskaldunekin batera egin zuen borrokan. Shangai deitzen genion, bere jatorrizko lekuaren izena horixe zelako. Gure arteko euskaldun bat gehiago izan zen, bai borrokan eta baita kartzelan ere. Leongo kartzelan galdu nuen bere arrastoa, deklarazioa hartu eta gero, bera lekuz aldatu zutenean, ez dakit nora. Ni Santoñako kartzelan gelditu nintzen. (…) Shangai laguna, Gasteizko txoko honetatik, Euzkaditik, besarkada eta agur bero bat, bihotzez zuri. Koldaritz".

Begoñak jakin ahal izan duenez, Chanek bere herrialdetik ihes egin zuen barku batean, "bizitza salbatzeko, Txinako alderdi nazionalista atzetik baitzuen sindikatu komunista bat sortzeagatik". Gijonen lehorreratu, eta han Errepublikaren aldeko Euskal Brigadan sartu zen. Dokumentu militarrek diotenez, preso hartu ostean, zigor ikaragarria jasan zuen. Sei urtean mantendu zuten kontzentrazio zelairik okerrenetan: Mieresen, El Picaderon, San Marcosen, Santoñan, San Pedro de Cardeñan, Belchiten, Palencian eta Miranda Ebron.

Maiatzean, Avilako Artxibo Militarrera idatzi zuen, eta bi asteren buruan jaso zuen erantzuna: "1943ko irailaren 23an Aking Chan Txinako legazioaren ordezkari bati entregatu zioten, Moncha Wei andereari". Interneten begira hasi eta andrearen eskela aurkitu zuen, aurtengoa. Bilaketarekin jarraituta, andrearen lobak aurkitu zituen Gijonen eta eurek baieztatu diote izeba martxoan hil zela, 97 urterekin. Begoñak uste sendoa du azkenean Aking Chan aurkitu duela. "Bere bila joan zen emakumearekin ezkondu zen, Montxa Weirekin. Berarekin bizi izan zen Parisen izena aldatuta, eta 1975ean hil zen, ondorengorik gabe. Lobak aurkitu ditut eta eurekin harremanetan nago, dokumentuen bidez dena konfirmatzeko".

Luis 'Espilla' (Soraluze 1915-Gasteiz 2003)

Luis Ariznabarreta Zubiaurre Espilla Soraluzen jaio zen, 1915eko urrian 29an. Ariznabarretatarrak jatorriz Espilla baserrikoak izanik (Ezozi auzoan), jatorrizko baserriaren izenez deitzen zioten.

Lau anai-arrebetan zaharrena zen Luis, eta berak kontatu zuenez haurtzaro "zoriontsua" izan zuen Plazentzian. Sei urte zituela hasi zen eskolan, fraileekin, eta hantxe entzun zituen gaztelerazko "lehen berbak". Zazpi urterekin kanturako frogak egin zizkioten korurako, eta Migel Olaizolarekin batera aukeratu zuten solista moduan. Flauta jotzen ere ikasi zuen eta liberalen bandan jo zuen.

Gaztetan, Juventudes Socialistas Unificadas-eko eta UGTko kidea izan zen. 1936an, hogei urte zituela, boluntario moduan joan zen gerrara, herritarrek sortu zuten Compañía Placentina milizian eta beranduago Amuategi batailoian. Gerra galdu ostean, lau urte luze egin zituen kartzelan preso.

Luis (erdian) eta Rosita (atzean) seme-alabekin Espilla baserri atarian./ B.A.

1944an, Rosita Orbea Gallastegi osintxuarrarekin ezkondu zen Plazentzian, eta 1956an, artean lau seme- alabako familiarekin, Gasteizera jo zuen bizitzera, plazentziatarren Hermanos Zabaleta lantegian kontratatuta. Geroztik, familia Gasteizen bizi izan zen eta zortzi seme-alaba izan zituzten, tartean, azken alaba, Esther, Down sindromearekin jaio zena eta bere "pozik handiena" bihurtu zena. Alfre, 33 urteko semea, kotxe istripu batean galdu zuen Marokon, 1995ean.

1977. urtean EAJn afiliatu zen eta 1986an, berriz, EAJ zatitu zenean, Eusko Alkartasunako kide egitea erabaki zuen. Zahartzaroan ere kantatzeko eta ikasteko grinari eutsi zion, asko irakurriz eta kantatuz. Gudari eta miliziano izandakoen solasaldietan parte hartu zuen behin baino gehiagotan, eta EAko abesbatzan kantatu ere bai.

2003ko abuztuaren 23an hil zen, 86 urte zituela. Hil baino urtebete lehenago alzheimerrak jo zuen.

Otsailean, gaiari buruzko artikulua argitaratu zuten Txinan. Artikulua kontsultagai dago 'Reminiscencias en España/Oroitzaztarnak Espainian' izenarekin www.sanchoelsabio.eus webgunean. Egilea: Hwei-Ru Ni.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide