Postrea

Marrón glacé

Erabiltzailearen aurpegia Laura Muñoz 2019ko abe. 20a, 06:00

Trebiñuko Torre herriko Urgora jatetxeko Laura Muñoz sukaldariak munduan preziatuena den gaztain-postrearen errezeta prestatu du.

Osagaiak 

• Gaztainak: 40.

• Azukrea 200 g.

• Ura 200 ml.

• Kanela adarra.

• Limoi-azala.

Denborak

Zailtasuna: ertaina.

Denbora: ordubete.

Egosketa: ordubete.

48 orduko atsedena.

Prestaketa 

• 1. Gaztainak egosi behar ditugu, erraz zuritu ahal izateko. Horretarako, pazientziarekin, zulo bat egingo dugu bakoitzaren oskolaren erdian, eta uretan egosiko ditugu hamar minutuz. Gero, hoztu aurretik, zurituko ditugu, azala kendu, barruko azala ere kendu, ur hotzetan garbitu eta gorde egingo ditugu.

• 2. Garrantzitsua da osorik geratzen diren gaztainak bakarrik erabiltzea. Egostean edo zuritzean hausten direnak gaztaina-krema prestatzeko edo beste errezeta batzuetan erabiliko ditugu.

• 3. Bestalde, almibar bat egingo dugu, azukrearen eta uraren kantitate bera ontzi batean disolbatuz, eta irakitera eramanez; limoi-azala eta kanela gehituko ditugu, eta minutu batzuk loditzen utziko dugu. Egiten den bitartean, gaztaina zurituak egosiko ditugu, 20 minutuz, ur hotzetik abiatuta. Urak ez du bor-bor egin behar, gaztainak hautsi ez daitezen; eta ez dira gehiegi egosi behar pure bat bihur ez daitezen.

• 4. Almibarra eginda dagoenean, gaztainak barruan sartu eta hamar minutuz egosiko ditugu, zaporea har dezaten. Sua itzali eta gaztainak barruan hozten utziko ditugu, 24 orduz. Hurrengo egunean, lanak errepikatuko ditugu, 5 minutuz egosiko dugu eta siropean beste 24 orduz utziko dugu. Hurrengo egunean lanak errepikatuko ditugu, eta gaztaina melatuak izango ditugu.

• 5. Ohiko glasatua egiteko gaztainak aterako ditugu, eta almibarra urrituko dugu likidoa ia geratzen ez den arte, azukrea kristalizatzen hasiko den unera arte hain zuzen.

• 6. Orduan, gaztainak barrura sartu eta bainatu egingo ditugu, eta ondoren, sareta batean xukatu eta lehortzen utziko ditugu.

• 7. Momentuan jango baditugu, magdalena txikietako kapsuletan jarriko ditugu. Oparitu nahi baditugu, aluminiozko paperezko laukitxoetan bilduko ditugu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide