Harro, naizena naizelako

Erabiltzailearen aurpegia
Arg: Pxfuel

"Zuek bezalakoa naizela? Eta orduan, zergatik begiratzen naute kalean nire gizonari muxu ematen diodanean, zerbait txarra edo exotikoa izango balitz bezala?"

Ekainaren 28an LGTBI+ eguna ospatzen da. Ni homosexuala naiz, gaya, maritxua, marikoia, emagizona, atzelaria…pertsona. Gizonak gustuko izatea nire aukera sexuala omen da. Aukera? Benetan? Ez jaun-andrea, ez, nire aukera ez da, horrela naiz, eta, agian, benetan nire aukera izango balitz hetero izatea aukeratuko nuke, ez pasatzeko pasa dudana naizena naizelako… Horrexegatik nik ez dut ezer ospatu behar ekainaren 28an. Ospatzea naizena naizela? Nik ez dut ospatzen; urtero, beldurra –eta ez lotsa– galdu nuenetik, ekainaren 28an kalera ateratzen naiz erreibindikatzera, naizena naizelako. Niretzat, aldarrikatzeko eguna delako. Urteren bat jai giroan eta beste urteetan borroka giroan, baina beti erreibindikazioaren ikuspuntutik.

"Baina, zer aldarrikatu behar duzue? Dena duzue, normalak zarete, gu bezala, ezkondu eta adoptatzea ere baduzue, ezta?", esan didate askotan. Eta nik erantzun: "Zuek bezala naizela? Eta orduan, zergatik begiratzen naute kalean nire gizonari muxu ematen diodanean, zerbait txarra edo exotikoa izango balitz bezala? Zergatik nire lagun bati bere mutil laguna hil zorian zegoela, ospitalean, familiak ez zion utzi gelara sartzen senidea ez zelako? ––nahiz eta bost urte zeramatzaten elkarrekin bizitzen–. Zergatik oraindik hainbat haurrek, txikitatik, marikoi hitza erabiltzen dute, mina egiteko edo are gehiago, desberdina ikusten dutena suntsitzeko?".

Agian, goikoek, gizasemeek eta gizalabek, lortu dituzten eskubideak ondorengoei pasatu dizkigute, eta hori ez da txarra, hain justu kontrakoa da; baina agian, eskubideak bereganatzearekin batera, gure ahoak isildu dira, kontuz! Agian idatzitako legeak gure alde daude, bai, gure eskubideak bihurtu dira, bai; baina, gizasemeen eta gizalaben legeak? Norberaren burmuinean dauden lege zahar horiek, urteetan eratu direnak DNA izango balira bezala? Horiek ez dira lege bihurtzen.

Eta ez, ni ez naiz normala, eta ez dut nahi gizakiek ni normala bezala ikustea. Ni naizena naiz, normala ez, ni naturala naiz, munduan nago, existitzen naiz, homosexualitatea beti egon da naturan eta guztiz naturala da, eta ni bezala sentitzen duten pertsonak, bai emakumeak eta bai gizonak, beti egon dira munduan, eta zorionez, kalera ateratzen ari gara beldurrik gabe, edo beldur gutxiagoarekin.

Ni aurten ere, egunero egiten dudan bezala, kalera aterako naiz naturala naizela aldarrikatzera, nire bizitzaren alde borrokatzera, mundua eta kalea ere gureak direlako. A!, azken gogoeta: aspalditik homosexual aske asko ikusten ditut mugikorraren etxeko bonbillaren itzalpean lagunen bila…

Kalera atera, kopon! Eta usaindu mundua, natural, harro!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide