Aldakan

Erabiltzailearen aurpegia
Arg: Aldakan

"2016ko udan sorturtako proiektua da, sei lagun musikariren eskutik"

Mihi gaiztoek diote arabarrok gerria soldatuta dugula. Baina egun, bada Gasteizen soldadura puntu horiek urtzeko jaio den proiektu bat, dagoeneko askok ezagutzen duzuena: Aldakan.

2016ko udan sortutako proiektua da. Orduan, sei musikari lagunek, gehienak aurretik Gasteiz Big Band edo Tom Tom Makuts bezalako bandetan elkarrekin ibilitakoak, musika-esparru ludiko bat sortzea erabaki zuten gehien maite zituzten abestiekin esperimentatu eta nahierara atondu ahal izateko, agian musikak seriotasun handiagoa eskatzen zien beste ingurune batzuetatik aparte egoteko.

Lehen kontzertua Kanpezun eskaini zuten, Ibernaloko landetxe-jatetxean hain zuzen. Entsegu hark beranduago Gasteizko Dublin tabernako Minijazz Festibalean parte hartzeko balio izan zien.

Aldakan Beltz zuen izena orduan, bere errepertorioa askotariko musika beltza baitzen: soula, bluesa, funka, afrobeata, eta baita gospela ere. Baina 2018ko amaieran izan zen, musika beltzaren estilo klasikoetatik aldenduta, bereziki soinu afrolatinoetara jotzea erabaki zuenean. Ordutik aurrera, taldea Aldakan izen hutsarekin geratuko zen.

2018an, Izarran zuzenean grabaturiko maketa baten ostean, bidea ahalik eta egokien prestatu behar zitzaion etorriko zenari: taldearen lehendabiziko diskoari. Hortaz, Azul Prusia estudioaren esku utzi zuten diseinu-lanen ardura (talde-logo berria, kamisetak, diskoaren maketazioa…). Ongi eginiko lan horrek, sare sozialetan egindako lan arduratsuarekin eta urtarrilaren 3an Jimmy Jazzen antolatutako II. Aldakan Fest jaialdi arrakastatsuarekin, Afrolatin Grooves Vol. 1 diskoak behar moduko jaiotza izan zuen.

Diskoa osatzeko aukeratutako bertsioak afrikar eragina duten Latinoamerikako musika dute oinarri. Besteak beste, La Yegros, Quantic edo Bomba Stereo-ren elektrokunbiak daude, baina baita Brasilgo sanba edo Argentina iparraldeko chamame estiloak ere. Gero eta inguratzaileagoak diren dantza giroz apaindurik Aldakanek diskoko abestiak bere egitea lortu du.

Pandemiak udako emanaldi gehienak bertan behera utzi baditu ere, bada oraindik euren proposamen alaiaz gozatzeko aukera. Gasteizen abuztuaren 1ean bueltan izango ditugu Falerina tabernako Aztarna Beltza jaialdian. Ostean Agurainen eskainiko dute kontzertua, irailaren 11n, eta Gesaltza Añanatik igaroko dira irailaren 19an.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide