Musika-dokumentalak

Erabiltzailearen aurpegia
Win Wendersek zuzendu zuen 'Buena Vista Social Club'. / Buena Vista Social Club

"Euskal Herrian baditugu hainbat; nik 'Nomadak Tx' azpimarratuko nuke."

Urrutiko kontuak zirela zirudien Txinako irudiak ikusten genituenean. Baina, behin Italiara helduta sinesgarritasun handiagoa eman genion birus berriari. Hala, gondolari baten O sole mio batek irauten duena baino lasterrago heldu zaigu gainera. Osasun arloan sortutako arazoak dira larrienak, baina badira ere kaltetuak suertatu diren beste hainbat arlo; kulturarena kasu. Izan ere, gurean zein beste herrialdeetan programaturik zeuden ekitaldiak geroratu behar izango dira.

Konfinatzeko aginduari aurre egite aldera, artistek irudimenari eragin diote, eta badira indarra hartu duten hainbat ekimen berritzaile, gehienak ere sare sozialen streaming bidezko musika zabaltzearekin zerikusia dutenak. Etxeko pantailen aurrean nahiko genukeena baino denbora gehiago pasatuko dugula ikusita, gaur musikaz hitz egiten duten bost dokumentalen gomendioarekin natorkizue:

1990eko erdialdean, Nick Gold ekoizlea Ry Cooder musikari kaliforniarrarekin harremanetan jarri zen Kuban disko berezia grabatzeko. Son kubatarra Ali Farka Toure edo Toumani Diabate bezalako musikari entzutetsuen doinuekin uztartuko lukeen diskoa. Malitarren pasaporteekin arazoa egon zen eta ukatu egin zitzaien La Habanara bidaiatzea. Ondorioz, 1997an Buena Vista Social Club diskoa Kubako musikari beteranoekin soilik grabatu zen, tartean Omara Portuondo eta Compay Segundorekin. 1999an izan zen Wim Wendersek izen bereko dokumentala zuzendu zuenean; diskoaren grabazioa, musikari zaharren egunerokotasuna eta munduan zehar egindako bira erakusten ziren.

Patti Smithek ekainaren 20an bisitatuko gaituela kontuan hartuta, bere bizitza gorabeheratsuaz gehiago ezagutu nahi badugu, Patti Smith: dream of Life (2008) dokumentala ikusi beharko dugu nahitaez. Steven Sebring zuzendaria izan zen artistari lagundu ziona bere bizitza eta musika ibilbide gorabeheratsua dokumentatzen, 12 urtetan zehar. Emaitza rockari buruzko erritmo lasaiko ikus-etzunezkoa da, gehienbat zuri-beltzean filmatuta.

Searching for Sugar Man (2012) Malik Bendjelloulek zuzendutako dokumentala da. Sixto Rodriguez abeslari arrakastatsu bezain misteriotsua izanik, Hegoafrikako bi jarraitzaile sutsu bere benetako nortasuna aurkitzen saiatuko dira. Argumentu horri helduta, 2012an hogei bat zinema sari lortu zituen; horien artean, dokumental film luze onenaren Oscar saria...

Euskaldunen belaunaldi oso batean eragin handiena izan duen punk-rock taldeetako bat The Clash izan zen. Euren jarrera eta progresio musikala, Joe Strummer: The Future is Unwritten (2007) taldeko liderraren inguruan eginiko dokumentalean ezagutu dezakezue. Julien Templek zuzendu zuen, besteak beste, Mick Jagger, Flea edo Jim Jarmuschi eginiko elkarrizketak dituen artelana.

Euskal Herrian baditugu hainbat dokumental musikari lotuta; nik Nomadak Tx (2006) azpimarratuko nuke. Txalaparta irauli duen Oreka Tx taldeak filmatutako lana da, antzinako euskal musika tresna India, Mongolia edo Laponia bezalako herrialde urrunetara eraman duena, bertako musika tresnekin fusionatuta soinu berriak sortzeko asmoz.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide