Neko Case

Erabiltzailearen aurpegia

Hasierak Kanadako unibertsitate giroko punk taldeetan bateria jotzen eman zituen Casek.

Udako solstizioa sua piztearekin ospatzen den modu berean, ekaineko asteburu honetan rockzaleak gehien espero duten jaian murgilduko dira Mendizabalako zelaietan. Azkena Rockera hurbilduko diren taldeak ezin dira burbuila ekonomikoaren garaietan ekartzen ziren kartel puxka haiekin alderatu. Hala ere, Gasteizko hotelak betetzeko adina rockzale erakarriko dituzten bandak daude iragarrita. Ukaezina da The B-52’s, Stray Cats edo Wilco taldeek duten ospe eta kalitatea; nik, ordea, tarte honetan gure artean hain ezaguna ez den baina AEBetan entzute handiko artista Neko Case aldarrikatu nahi dut.

Badirudi azken urteetan emakumeen partaidetza eskasaren aurka eginiko protestek fruitua eman dutela, eta, apurka bada ere, zerbait nabarmenagoa egiten ari da artista femeninoen parte-hartzea. Beraz, antolatzaileek hobetu dutela, bai. Nahikoa dela? Ez, baina norabide horretan jarraitu beharko dutela argi izan behar dute.

Hala, Neko Case ekartzen asmatu dutela esan dezakegu. Virginiakoa, musikari itzela izateaz gain, nortasun handikoa da, eta bere sare sozialei kasu egiten dion orok berehala antzemango du emakume aldarrikatzailea dela; gehien kezkatzen duten gauzen artean animalien, herri indigenen eta, nola ez, emakumeen eskubideak daude.

Case 2000. urtean entzun nuen lehendabizikoz Tierra aldizkariak zekarren cd bilduma batean. Mundu osoko erritmo ezberdinetan espezializatua zegoen aldizkaria izanik, gure protagonista countryaren belaunaldi berriaren ordezkari gisa sartu zuten diskoan.

Musika estilo ugaritan aritutako artista da Case, ordea. Hasierak Kanadako giro unibertsitarioko punk taldeetan bateria jotzen eman zituen, ondoren, nolabait miresten zituen Patsy Cline eta Loretta Lynnen bidea jarraituta country musikara hurbiltzeko, janzkera retroarekin gainera. Behin, Nashvillen beroak jota abesten zegoela, alkondara kendu eta bularretakoan geratu zen, eta countryaren lobby maskulino tradizionalak ez zion barkatuko eta betiko ukatu zion sarrera musikaren tenplu den hiri hartan. Gertakari hark eraginda akaso, bere musika power pop eta indie rock bezalako soinu modernoagotara bideratu zuen, bai The New Pornographers kanadiarrekin, zein bakarkako ibilbidea eraikitzen. 

Musikariak aukeratzerakoan ere gustu onekoa da Case. Ohiko musikariez gain, AEBetako americana eta rock giroko izen handiez inguratzen da diskoak osatzeko: Calexiko taldeko Joey Burns eta John Convertino, The Sadies, M. Ward, Laura Veirs, KD Lang edo Hell on azken diskoan Mark Lanegan bera.

Ekainaren 22an, 20:35etan, abeslari eta gitarra-jotzaile kaskagorria ARFeko Respect oholtza gainera igoko zaigu. Aukera ezin hobea haren istorioekin oroimenaren eremu galduetara rock erritmoan bidaiatzeko, Casen hitzak bizitzaz eta sentimenduez mintzatzen baitira.  

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide