Juan Perro

Erabiltzailearen aurpegia
Juan Perro. / RTVE

"Poztekoa da Poetak Maiatzean jaialdian Zaragozako musikariarekin topo egitea".

Kapitalismoaren logikek, pixkanaka, gure egunerokotasuna kolonizatzen jarraitzen dute. Bere baloreak lan eremuan finkatu ez ezik, aisialdian ere gero eta sarriago jasaten ditugu inongo lotsarik gabe. Garrantzitsuena eskainitzen diguten produktuek errentagarritasun ekonomikoa izatea da. Ekoizleek inbertitutako dirua berehala euren patriketara puztuta itzultzea da baldintza nagusia. Egungo musikaren egoerari erreparatuta, erraz topa ditzakegu adibideak: telebista lehiaketetan, radio formula komertzialetan…

Non geratu da kalitatea? Eta artea? Izenak grezieraz ondo dioen bezala, musika "musen artea" da, ez ordea, etekinekin zerikusia duen beste ezer.

Zorionez, ondo aukeratuta, badira oraindik musekin harremanetan dabiltzan musikagileak. Zalantzarik gabe, horietako bat Santiago Auseron filosofo, abeslari eta abesti idazlea dugu. Pozteko albistea da Poetak Maiatzean festibalaren egitarauan Zaragozakoaren izenarekin topo egitea. Kasu honetan, Radio Futura utzi eta gero, bakarkako ibilbidean erabiltzen duen izengoitia erabilita datorkigu, Juan Perro alegia.

80 eta 90. hamarkadetan musika anglosaxoi elektrikoak eraginda, Radio Futura estatu espainoleko pop-rock talderik arrakastatsuena bilakatu zen. Itsasoz bestaldera heldu ziren gaztelaniazko melodiak  92. urtean taldea desegitea erabaki arte. Bizi-erritmoa baretuta eta hausnarketarako denbora gehiagorekin, Auseronek ibilbide musikalari buelta ematea erabaki zuen, izan ere, argi zeukan musikak entretenitzeaz harago joan behar zuela, nolabait gure arbasoek sortutako bide musikalari jarraipena emateko. Tradizio musikal afroiberoamerikarrak ziren berari gehien interesatzen zitzaizkionak.

Kubako son estiloa ikertzen urteetan aritu ostean, 1995eko La Habana eta Londres artean grabaturiko Raices al Viento izan zen bere debut diskoa; hau da, Ry Cooderen Buena Vista Social Club (1997) proiektuak kubako son estiloa mundu osoan ezagutzera eman aurretik. 

Ondorengo diskoetan Juan Perrok musika ezberdinak ikertzen jarraitu izan du. Soula, bluesa, jazza… Intelektualitaterantz emandako birak eta soinuak jasandako mestizatze prozesu horrek eragin garbiak ekarri dizkio Auseroni. 

Alde batetik, jarraitzaileen kopurua erabat murriztuta, mass-media hedabideen eragin-gunetik alboratzea; disketxe handiak dastatzetik, gainera, orain diskografika propioan lan egitera behartuta dago. 

Bestalde, anitzak dira kultura arloan irabazitako esker onak eta sariak. Garrantzitsuena 2011n jasotako Musika Garaikideen Sari Nazionala.

Gure saria berriz, maiatzaren 25ean, larunbatean, bera Joan Vinyals eta Gabriel Amargant-ekin hirukotea osatuz Gasteizko Principal antzokian entzun ahal izatea izango da. Zaunk-zaunk….

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide