Depedro

Erabiltzailearen aurpegia

"Depedroren hamarkada ospatzeko, bidean topatutako lagunekin diskoa grabatu du."

Askok ezagutzen dugu Depedro proiektu musikala. Baina ba al dakigu nor den bere atzean dagoen arduradun Jairo Zavala?

Aste honetan Gasteizen izango dugu, eta merezi du ospera iritzi aurretik musikagile nekaezin honek egindakoak goraipatzea, bere ibilbide profesionala ez baita hedabideetako lehen planora egun batetik bestera heldu den horietakoa, ezta gutxiago ere.

Jairo Zavala Madrilgo Aluche auzoan jaio zen, 1971. urtean. Langile-auzo batekoa izanik, gaztaroa movida-ren eraginpean baino, heavy eta punk giroak bideratu zituen bere gustu musikalak; baita, berak aitortu bezala, Euskal Herritik heldutako rock erradikalak ere.

95. urtean, auzokidez lagunduta sortu zuen bere lehen talde inportantea: La Vacazul. Bost disko grabatuta, eta nolabaiteko ospea lortuta, Estatu espainiar osotik ibili ziren rock elektriko bizia banatzen. La Vacazuleko taldekideez lagunduta ere, 3000 Hombres izeneko talde paraleloa osatu zuen; musika beltzarekin (blues, soul, funk…) gozatu ahal izateko esparru musikala bilakatuz. Hala, sektorearen egoera ekonomikoak bultzatuta, sei banda ezberdinetan aritu zen Zavala garai batez. Aipatutako bietan, Zolo Zeppelin-en (Led Zeppelinen bertsioak egiten zituen taldean), Amparanoian eta telebistako El Club de la Comediak eta Manel Fuentesek zuten bandetan. Tarteka, baita ere, Los Coronasekin jo zuen.

Egoera hura jasangaitza zen. Zavalak 37 urte zituen eta gorputzak bizi erritmoa lasaitzea eskatzen zion. 2008an Depedro proiektu pertsonalari ekitea erabaki zuen, arrakasta handiz gainera. Lehenengo diskoa Depedro, Kaki Arkarazo lazkaotarraren ekoizpena eta Calexico taldearen laguntzarekin Arizonan grabatu zuten. Emaitza musika estilo ezberdinen fusioa: basamortuko rock soinu fronterizoa, pop-a, runba, son kubatarra…

Zavalaren proiektu pertsonala izanik, haren bizipenekin eta izaerarekin batera eboluzionatzen joan da. 2010ean Nubes de papel diskoaren kutsu intimistak argi utziko zuen bilakaera.

Orain, Depedroren hamarkada merezi bezala ospatzeko, bidean topatutako lagunekin elkarlanean diskoa grabatu du: Todo va a salir bien. Bertan, madrildarraren diskografiako abesti kontsolidatuak belaunaldi ezberdinetako kideen ekarpenekin berpiztuta: tartean Izal, Amparo Sanchez edo Luz Casal. Bilduma hau izango da bandaz lagunduta oholtzaz oholtza eramango duena, baita Gasteizko Jimmy Jazz aretora ere, martxoaren 22an.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide