Beldurra

Erabiltzailearen aurpegia

Ostegunean, hilaren 21ean, Principal Antzokiko agertokira igoko da Albert Pla.

Hamabost urte besterik ez zituela, aluminio lantegi batean hasi zen lehendabiziko sosak irabazten Albert Pla gaztea. Horrelako leku grisean eta nagusi baten esanetara egotea ez zirudien zorionez beteriko etorkizuneranzko sarbiderik egokiena. Ikuspegi beldurgarri horri aurre egiteko Sabadellekoak argi zeukan bere gaitasun artistikoei etekina atera behar ziela. Hasieran, askatasuna idazteak emango ziola uste zuen, baina eskuetara gitarra zahar bat heltzerakoan, nonbaiten ezkutuan zuen bertutea atera zuen argitara: musika. Sokak igurtzitzea besterik ez zekiela, nahikoa zuen abesti hunkigarriak sortu eta entzulea berak asmatutako mundu berezietaraino garraiatzeko. 

Beste askok egin ez bezala, pretentsio handirik gabe ekin zion kataluniarrak ibilbide musikalari, eta horregatik, akaso, heldu zitzaion arrakasta. Berak aitortzen du ez duela arestiko musikarien erreferentziarik, soilik barrenetako sentimenduei jaramon eginda, eta ez besterik, sortzen dituela abestiak. Horrela, gaur egun, normala da Albert Plaren izena Kataluniako beste artista ikonoklasta eta urratzaile klasikoen aldamenean kokatzea: Jaume Sisa, Quico Pi de la Serra, Pau Riba… 

Plaren ibilbide artistikoa urteekin garatzen joan zen, betiere artista garaikideekin sinbiosi harremanetan…bikotea duen Judit Farres artista izan daiteke euskarririk gertukoena, baina diskoak sinatu ditu, aldi berean, Joan Miquel Oliverrekin, Mallorcako Antonia Font taldekide ohiarekin eta baita Pascal Comelade musika tresna asko jotzen dituen frantses katalan preziatuarekin ere. Orain, berriz, kataluniar giro musikalean topa daitekeen beste goi mailako artista batekin dabil elkarlanean; norekin eta Raul Refreerekin, Silvia Perez Cruz, Rocio Marquez –Miedo izeneko proiektuan ahotsa jarri du baita ere– edota egunotan nonahi topatuko dugun Rosalia bezalako artisten diskoak modu itzelean apaindu dituen ekoizle musikalarekin. Biek elkarrekin sinatu dute Miedo diskoa eta antzezlana; hain zuzen ere, datorren ostegunean, hilaren  21ean, Gasteizko Principal antzokian aurkeztuko den ikuskizuna.

Miedo, oroimenera eta inkontzientera eginiko txangoa da; bertan 11 abesti berriren eta 3D irudien bidez gaztaroko mamu beldurgarrienekin nahiezko topaketa izango dugu. Pla aktore eta neskato itxurako hologramaz gain, bakardadea, abandonua, eritasuna edota heriotza bera izango dira protagonista oholtza gainean. Auskalo, ordea, ikusle bakoitzaren burmuinean gerta daitekeena.

Beraz, hemendik esperientzia honetara gerturatzeko gonbidapena luzatzea besterik ezin dugu egin. Biziaren errekak eramaten gaituen korrontetik ordu eta erdiz kontzienteki atera eta erreparatu artista xuxurlari bezain zorrotz honek mahai gainean jarriko dizkigun arazoei. 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide