'Violética'

Erabiltzailearen aurpegia
'Violética'
'Violética'. / I. Muñoz

"Violeta Parrak egin legez, asturiarrak abesti bilduma hitz gordinez eta salaketez bete du".

Mazúrquica modérnica abestia osatzeko, Violeta Parrak aukeratutako hitz guztiak esdrujula bihurtu zituen. Ariketa linguistiko jostagarri haren helburua kantatzera zihoan kritika garratzei ukitu gozo eta barregarria ematea zen. Orain, Nacho Vegasek, txiletarrari gorazarre eginez, Violeta proparoxitono bilakatuta izenburua eman dio estudioko lan berriari: Violética. 60. hamarkadan Parrak egin legez, asturiarrak ere, aurreko ekainean argitaratutako abesti bilduma hitz gordinez eta salaketez bete du.

Nacho Vegasek atzean utzi ditu La zona sucia garaiko depresio mamuak, eta Violética lanean, ilusioa berrituta, etxeko bakardadea gainetik astindu eta ukabila altxaturik kalera jaitsi zaigu, berak esan bezala, bertan, gure auzoetan baitago beharrezko aldaketa politikoa ekar dezakeen herri indarra. Horregatik, beraz, biltzen dituen 18 emoziozko kontakizunak gizarte eragileek egiten duten lana babesteko sortu ditu; ez dira falta migranteen eskubideak aldarrikatzen duten kantak, patriarkatua salatzen dutenak, ekologismora hurbilduko gaituztenak… Antikapitalista izanik, kapitalismoak agerian uzten dituen akatsetara bideratuta daude haren gezi musikalak.

2010. urtean, Marxophone diskoetxe propioa sortzeko erabakia hartu zuenetik, Vegasek askatasuna lortu du nahi izandako lagun musikariez inguratzeko. Fitxaje berririk egin gabe, azken garaietako lankideak izan ditu bere esanetara: Leon Benavente taldeko 4 kideak, Manu Molina perkusionista eta Joseba Irazoki Berako multi-instrumentista. Eta goi mailako hiru artistaren kolaborazio puntualak: Maria Rodes katalana, Christina Rosenvinge madrildarra eta Cristina Martinez El Columpio Asesino taldeko abeslari nafarra. 

Grabaketa beste lagun baten etxean egin zen, Paco Locok Puerto de Santa Marian duen estudioetan, hain zuzen. Aipamen berezia merezi dute, baita ere, Miguel Brieva marrazkigileak eginiko ilustrazioek eta diskoa laguntzen duen kutxa-diseinuak. 

Azaroak 23 dituen ostiral honetan, aspaldiko partez eta bandaz lagunduta, Nacho Vegasek Gasteizen eskainiko du kontzertua. Tradizioa, abangoardia, aktibismoa eta rock hotsak; osagai horiek guztiek izango dute lekua Jimmy Jazz aretoko oholtza gainean.

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide