"Pello Joxepe..."

Erabiltzailearen aurpegia
"Pello Joxepe..."
Paco Ibañez kantautorea. / El Periódico.

"Hainbat bertsiotan entzun dugun abesti hura mende hasieran hizpide izan zen Israelen."

Italiako Giroaren hasiera Jerusalemen, ez dagokion kontinenteko Eurovision lehiaketa komertzialean parte hartzea,… ugaria da Israeletik gurera heltzen den propaganda. Bitartean, Nakba zorigaiztoko gertaera hartatik 70 urte igaro direnean, larriak izaten jarraitzen dute Ekialde Hurbiletik jasotzen ditugun albisteak. Ankerrena, militar sionistek azken hilabetean, Gazako mugan inpunitate osoz eragindako sarraskia. 

Israeletik heltzen zaigun albiste nahastearen artean, musika eta Euskal Herriarekin zerikusia duen pasadizo fribolo batek atentzioa eman dit.

Batzuek ez duzue jakingo Paco Ibañezek, Francoren garaian erregimenaren aurka irmoki aritutako kantautore valentziarrak, ama euskalduna izanda, gaztaroa Adunako baserri batean igaro zuela, baita euskara amatxoren ahotik ikasi ere. 1998an, garai euskaldunari gorazarre egite aldera, Ibañezek Imanol Lartzabalen laguntzaz Oroitzen bataiatutako diskoa argitaratu zuen. Euskal abesti bilduma hartako 11. pista, protagonista izango dugun Pello Joxepe kanta herrikoia zen. Izan ere, hainbat alditan eta hainbat bertsiotan entzun dugun abesti hura mende hasieran hizpide izan zen Israelgo hedabideetan.

1967. urtean Naomi Shemer abeslari eta poeta israeldar ospetsuak Yerushalaim shel zahab (Urrezko Jerusalem) izeneko abestia musika jaialdi batean aurkeztu eta izugarrizko arrakasta lortu zuen herrikideen artean. 

Egun haietan, Israelek Sei Eguneko erasoaldia burutu zuen, eta, kondairak dioenez, Gaza, Zisjordania eta Jerusalem Ekialdea okupatzean Israelgo armadak ereserki bilakatutako kanta berri hura abesten zuen.

Izugarria zen, ordea, Urrezko Jerusalemen melodiak Pello Joxepe euskaldunarekin zuen antza. Naomi Shemeri gai horren inguruan galdetutako bakoitzean, inongo lotsarik gabe kasualitateari egozten zion kontua eta plagioa erabat ukatzen zuen. 

2004. urtean, berriz, Naomi hiltzear zegoela, nolabait gezurraren zama jasan ezinda, eskutitz zintzoa igorri zion Gil Aldema musikagileari, eta Paco Ibañezek abestutako seaska kantaren eraginak aitortu zituen. Izan ere, 1962. urtean Ibañezek Tel Avivera egindako bidaia batean, gauero lagun artean abesten zituen abestietako bat Pello Joxepe zen. Gaueko-jai horietako batean, eta, hor dago koxka, Naomi Shemer eta bere oroimen xurgatzailea han izan ziren.

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?

Izan zaitez ALEAkide