alea.eus

Mdou Moctar

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2018-03-09 14:20   Kultura

"Lortutako emaitza moderno hark berehala lortu zuen arrakasta tuareg herritarren artean".

1884. urtean Europak, Turkiak eta AEBek eskuaira eta kartaboia mapa gainean jarri eta, inongo lotsarik gabe, Afrika herrialde poligonaletan banatu zuten. Kolonizazio prozesu horretan hainbat etnia herririk gabe geratu ziren, tartean tuareg tribu nomada. Azawad, berezkoa zuten lurraldea, hainbat estatutan banaturik utzi zuten, hegoa Malin eta Burkina Fason, iparraldea Mauritanian eta ekialdea Niger barruan. Bertakoa da, Nigerren dagoen Abalak herrikoa da, hain zuzen ere, aste honetan Gasteizen bisitan izango dugun musikaria: Mdou Moctar.

Sumatuko duzue protagonista tuaregak ez zuela bide errazik topatu bere zaletasuna aurrera eramateko. Inork ez zion gitarra jotzen irakatsi. Autodidakta da zentzu guztietan; lehenengo hari musika-tresna etxean ikasi zuen, bere trebeziaren laguntza bakarrarekin. 2008an, 22 urte zituela, Nigeriako hausa musikaren eraginpean Anar debut diskoa grabatu zuen. Autotunea, ahotsa distortsionatzen duen prozesadorea, gitarrarekin batera izan zen grabatutakoaren bereizgarria. Lortutako emaitza moderno hark berehala lortu zuen arrakasta tuareg herritarren artean, mp3 formatuan Sahel osoko telefono mugikorrak konkistatuta. Hura izan zen egun duen arrakastaren genesia; harrezkero, igaro diren hamar urteetan, Mdou Moctarren musikak eboluzio nabarmena izan du Sahel Sounds disketxeak lagunduta.

2015ean bereber musikariaren ibilbide musikalak berebiziko bultzada izan zuen Akounak tedalat taha tazoughai (Ñabardura purpurak dituen euri urdina) filmeko soinu banda osatzeaz gain, protagonista gisa ere parte hartu zuenean. 1984an Princek parte hartu zuen Purple Rain pelikulari eginiko tuareg-moldaketa zen; garrantzitsua, baita ere, tuaregen hizkuntzan –tamashek– filmatutako lehenbiziko luzea zelako. Orain, 2018. urteko Mdou Moctar, Tenere basamortu inguruko beste artista ezagunen mailan koka dezakegu, batzuk aipatzearren: Bombino, Tinariwen, Les Filles de Illighadad, Tamikrest edo Terakaft, guztiak ere tuareg kulturaren ordezkariak.

Agadezetik irten eta Europan zehar egingo duen biran bete betean murgildu zaigu gitarra jotzaile ezkertiarra. Datorren martxoaren 14an, 19:00etan, Gasteizko unibertsitate pabiloian izango dugu Sousoume Tamachek azken diskoa defendatzen.

 

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa