Guadalupe Plata

Erabiltzailearen aurpegia

"Musika-arlora ez dira inori gustua emateko hurbildu, ez diote inori ezer zor, eta proiektuaren arrakasta eurek markatutako bideetatik dator, ziurrenik".

Santa Ageda eguneko koroen makil astinduek ustegabeko emaitza lortu dute. Nonbait Ubedako muinoetako olibondoetan hibernatzen zebilen munstroa iratzarri eta, bi urteren bueltan gertatzen den legez, nagiak atera eta Gasteizen dugun Hell Dorado infernurantz abiatu da. Beraz, adi musikazaleok eta apuntatu otsailaren 9ko gauean Guadalupe Plata-rekin hitzordu aparta izango dugula.

Aurten, Jaengoak iaz adoptatutako maskotaz lagunduta harro agertuko zaizkigu. Euren antzera, libre eta inolako katerik gabe disko berriko azalean agertzen den txakur pekindar begibakar aztoragarriarekin, alegia. Hitchcock-ek berak margotu izan balu bezala, ikuste hutsak atmosfera urduritasunez blaitzen du, andaluziarrek emanaldietan sortzen duten giroaren metaforatzat jo dezakegu zakurtzarra. Atera itzazue kontuak orduan ostiral gauean nolakoa izango den topatuko dugun deskarga elektrikoa; oldarkorra, aztoragarria, edozein kasutan indar handiko blues astuna-k beteko du aretoa. Argi dagoena da, infernura hurbilduko garenok ordaindu beharko ditugun 15-18 euroak (bazkideek 13) adrenalina eta izerditan ondo baino hobeto inbertiturik izango direla.

Guadalupe Plata ez dago inoren aurrean makurtzeko prest, eta industria musikalak markatzen dituen arauei aurre egiteko, aurreko disko guztiekin egin bezalaxe, estudioko lan berria ere izenik gabe argitaratu du. Musika-arlora ez dira inori gustua emateko hurbildu, ez diote inori ezer zor, eta proiektuaren arrakasta eurek markatutako bideetatik dator, ziurrenik. Nahiz eta irakurleen gehiengoarentzat Guadalupe Plata izena ezezaguna izan, Ubedakoak Europa zein Amerika osoan zehar sariak biltzen dabiltza. Garrantzitsuena, akaso, 2014. urtean Europako musika independentearen disko onenari jasotako Impala saria, besteak beste, Jose Gonzalez, The XX edo Adelen mailako musikariek irabazitakoa. Hala ere, gure lagunek euren betiko bidetik jarraitu dute sirena-kantuei jaramonik egin gabe, izan ere, saritik aurrerako lanetan  primitibismoa, gordintasuna eta apaltasuna aldarrikatuz jarraitu dute, pelotazoaren kultura-ri erabateko guda deklaratuta.

Pekindarraren diskoa da Gasteizen defendatuko dutena. Aurreko diskoak baino lan neurtuagoa da; egindako bidaietan ikasitakoak nabaritzen dira abestietan, esaterako Violeta Parra txiletarraren Qué he sacado con quererte kantaren bertsio itogarrian. Ni han, lehen lerroan izango nauzue hiru burudun monstruo musikalari adi, giroa zaintzen duen txakurtzarraren alboan. Zintzoak izan zaitezte!

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide