alea.eus

Los Hijos de la Montaña

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2017-11-20 10:44   Iritzia

"Zapore mexikarra duen goxokia jarriko digu KulturCampusek".

Los Hijos de la Montaña
Luz Elena Mendoza eta Sergio Mendoza dira taldekide nagusiak. / Los Hijos de la Montaña | Ikusi handiago | Argazki originala

Asteazkenean, menuak 11 euro. Larunbatean, menuak 18 euro. Ostalaritzan ohikoa da, eta arte eszenikoetan ere gertatzen da: edozein antzerki edo musika taldek astegunetan egindako lanagatik eskatzen duena ez da asteburuko cachet-era heltzen. Artistak prezioak negoziatzeko prestuago izaten dira aste erdian, eta horri heldu dio EHUk Arabako KulturCampus ekimenaren programazioari itxura emateko. Izan ere, murrizketek eragindako aurrekontua ez da antolatzaileak kikiltzeko adinakoa izan eta, udazken honetan, boletus edulis zaporetsuenez beteriko aukera dastagai izatea lortu dute. 

Urriaren 25ean, bost sardexkako zizka-mizka gisa, The Limboos madrildarrek rock-erritmoen sustraietara garraiatu gintuzten; azaroaren 8an heldu zitzaigun itsasoz bestaldeko lehen platera, The Quiet Hollers, espektro zabal batean sailka ditzakegun soinuak eskainiz; azaroaren 15ean eskola gazte eta modernotik etorrita, era lotsagabe batean Hinds taldeak bigarren plater alaia jarri zigun mahai gainean –eskertzekoa da, gainera, rock musikan emakumeak oholtza gainean protagonista ikustea–. Hala, azaroaren 22ra heldu gara, postrearen ordura. Zapore mexikarra duen gozokia jarriko digute mingainean: Los Hijos de la Montaña.

Talde mexikarrak bi kide nagusi ditu: biak Mendoza, Luz Elena eta Sergio, abizen euskaldun bezain mexikarrekin. Euren artean ez dago odol loturarik, izan ere, Luz Elena Portlandgoa da eta Sergio Arizonan dagoen Nogaleskoa. AEBetakoak biak, erro mexikarrez harro hitz egiten duten amerikarrak.

Luz Elena, gazte zela, Michoacango Mariachien eraginpean hasi zen abesten. Gurasoak bertakoak ziren, eta, nolabait, musikari haien haize tresnak eta abesteko erak markatu zuten neskatoa. Orain, familiaren aurreritzi katolikoak baztertu eta azala tatuaje ederrez apainduta, AEBetan barrena dabil Y La Bamba taldearekin indie-folk soinuak banatzen, arrakasta handiz gainera.

Sergio Mendoza ezagunagoa gerta dakiguke, batez ere, Calexico taldean musika tresna ugari jotzen dituen kidea delako. Abestu eta konposatzeaz gain, ondo baino hobeto jotzen ditu teklatuak, gitarra, akordeoia, ukelelea edo perkusioa. Multiistrumentista trebea da eta partaide izan den beste talde guztietan ere erakutsi du hori; adibidez, Giant Sanden, Devotchkan edota egun eskuartean duen Orkesta Mendoza proiektu pertsonalean.

Azaroaren 22an, 19:00etan, utzi tokia postreari. Los Hijos de la Montaña Mendi-Hotzatarrak Euskal Herriko giroa epeltzera hurbilduko baitira latin-pop, cumbia, mariachi eta rock soinu-mazedonia paregabearekin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa