Gure hiriari: ez gaitzatela berriz ere kalean utzi

Erabiltzailearen aurpegia Etxerik gabeko pertsonentzako zentroaren erabiltzaileak 2020ko eka. 25a, 09:30
Lakuako frontoian Gasteizko Udalak etxegabeentzat irekitako zentroa. / Arg.: DOS POR DOS.

"Bizi izan dugun krisi larria beste egoera larri bat konpontzeko aprobetxa daitekeela: gizarteari berriz lotzeko aukera bat ematea gutxienez".

Lehenik eta behin, gure aintzatespen osoa Gurutze Gorriko boluntarioen eta gizarte-langileen lanari: zuen pazientzia amaigabea, etengabeko irribarrea, eman diguzuen babesa eta maitasuna ez ditugu ahaztuko. Esker mila, bihotz-bihotzez.

Hiru hilabete. Hiru hilabete dira jada Gasteizko etxegabeen ehuneko handi bat konfinatuta gaudela pandemiaren ondorioz. Lehenik, Pio Barojaren kiroldegi lotsagarri hartan; besteak beste, 26 lagunentzako komun bakarrarekin. Eta, ondoren, duela 70 egun baino gehiago, Lakuako frontoian ukuiluratu gintuzten. Ukuiluratu, bai: ganadua neguan bezala.

"Duela 70 egun baino gehiago Lakuako frontoian ukuiluratu gintuzten. Ukuiluratu, bai: ganadua neguan bezala"

Pabiloi batean bilduta, kafea eta sei gaileta gosaltzen, purea eta arraina bazkaltzen, eta arraina eta purea afaltzen. Salbuespenak salbu, egon badaudela, salbuespen gisa. Beno, eta oilaskoa eta indioilarra, eta indioilarra eta oilaskoa, heltzen denean.

Ehun egun dagoeneko horrela, elkarrekin ez: pilatuta. Kanpaina-oheetan lo egiten, suteen edo uholdeen moduko larrialdietan behin-behinean erabiltzeko pentsatuak; hau da, gehienez 5-6 egun igarotzeko. Bata bestearengandik metro eta erdira doi-doi, inongo intimitaterik gabe, bionbo bereizgarri bat salbu; horma funtzioa egin lezakeen panel bat. Nor bere gauzak uzteko lekurik gabe. Orain behintzat txarteldegiak ditugu.

Ehun egun daramatzagu horrela, beren gau madarikatuekin: ezinezkoa da lauzpabost ordu baino gehiago jarraian lo egitea, gauerdian amesgaiztoengatik garrasi egiten dutenengatik, zurrungengatik, mugikor nazkanteengatik, aire girotuaren harrabotsa jasangaitzagatik...

Hiru hilabete luze, nor gure aitarena eta amarena. Hainbat nazionalitate, arazo psikiatrikoak, alkoholarekiko edota beste toxiko batzuekiko mendekotasunak, deserrotuak, langabetuak eta lan sistematik baztertutako adinekoak. Hiru hilabete baino gehiagoz, ehun egun luzez.

"Hau ez bada inorentzako lekua, are gutxiago osasun eta psikologia arazoak dituen pertsona batentzat"

Umiliatuak. Duela hiru aste arte, tabakoa edo freskagarri bat erostera atera nahi bagenuen, ahal izanez gero taldean egin behar genuen, eta beti Gurutze Gorriko boluntario baten laguntzarekin, beren txaleko gorri ikusgarri eta deigarriarekin. "Aisialdirako" guneak mugatu zizkiguten: mahairik gabeko barne-lorategi bat, euria egiten duenean egon edo erre ahal izateko aterperik gabea; bizilagunak "kexu" baitira, zer eta leihoetatik ikusten gaituztelako. "Lepradun" deitu digute... Horrela, hiru hilabete baino gehiago.

Eta, hala ere, jasan egin dugu. Hori guztiari, Yolanda gure lagunaren heriotza gehitu behar zaio: zergati "naturalak", bai, baina hau ez bada inorentzako lekua, are gutxiago osasun eta psikologia arazoak dituen pertsona batentzat. Nolanahi ere, samina izugarria izan zen. Kideen erasoak kudeatu behar izan ditugu, droga beharrean edo horien eraginpean zeudenak, edo buruko nahasmenduekin eta eroaldiekin. Dena bideratzeko gai izan gara. Eta hemen giltzapetuta gauden pertsonen aniztasuna eta kopurua (50 arte) aintzat hartuta, harrigarria da zeinen istilu gutxi izan dugun. Erakutsi dugu, beraz, bizikidetza baketsua eraman dezakegula, badakigula. Ez garela piztiak, badakigula formak gordetzen eta arauak betetzen, gehiegizkoak izanik ere.

"Pandemiaren aurretik behar genuen berdina baino ez dugu behar: ondo artatuak izatea gure gizarte-zerbitzuetan"

Tira, ez litzateke hain konplikatua izango gure jendarte honetan "birgizarteratzea". Pandemiaren aurretik behar genuen berdina baino ez dugu behar: ondo artatuak izatea gure gizarte-zerbitzuetan; bizitoki bat nagusiki, eta behar dugunontzako laguntza edo jarraipen bat; gure ohitura txarren aurkako tratamenduak bizitoki horren truke; lanerako aukerak; etengabe pilulen eraginpean izango ez gaituen psikiatria...

Baina amesgaizto hau amaitzen ari den honetan, izugarri larritzen gaitu gure etorkizunak. Hainbat promesaren ondoren ("pertsona guztiak birkokatuko ditugu", "gizarteratzeko plan espezifikoak egongo dira"), egiazki, eta Gasteizko Udaleko gizarte-zerbitzuetako arduradun gorenen gezurrak gorabehera, pandemiaren aurreko dinamika berarekin jarraitzen dute: ez digute entzuten, ez dira hona hurbiltzen, eta egiten duten aldi gutxietan (3 aldiz, ordu bat aldiro), luzamendutan ibiltzeko da.

Konturatzen al dira gizarte-zerbitzu horiek gure arazoen jarraipen pertsonalizatua egiteko hiru hilabete baino gehiagoan izan duten aukera paregabeaz? Erabiltzaile gehienak izan gaituzte toki berean bilduta. Zergatik ez dira etorri gu ikustera, gure bizitza zertan den galdetzera, gure egoerari zer irtenbide planteatu dakiokeen pertsona bakoitzarekin pentsatzera? Nora joango gara hemendik irtetean? Aterpera, Etxe Irekira, ataripera, kutxazain automatiko hartara berriro ere?

"Zinez uste dugu hori irabazi dugula hiru hilabeteren ondoren. Ez gaitzatela berriz ere botata utzi"

Guk uste dugu bizi izan dugun krisi larria beste egoera larri bat konpontzeko aprobetxa daitekeela, hau egunerokoa: gizarteari berriz lotzeko aukera bat ematea gutxienez, askotariko egoerek bultzatu gintuzten zulotik ateratzeko. Zerbait positiboa ateratzea, guretzat eta hiriarentzat.

Irteerako laukitxoan berriz ez kokatzea besterik ez dugu eskatzen, hiru hilabeteren ostean: kalera, miseria ekonomikora, mespretxura eta ahanzturara ez itzultzea. Zinez uste dugu hori irabazi dugula hiru hilabeteren ondoren, ehun egun baino gehiagoren ondoren. Ez gaitzatela berriz ere botata utzi.

Lehenik Pio Barojan eta ondoren Lakuako frontoian Gasteizko Udalak konfinamenduaren hasieran ireki zuen etxerik gabeko pertsonentzako zentroaren erabiltzaile-talde batek sinatu du gutuna. 23 lagun atxikitu dira, oraingoz, eta atxikimendu gehiago biltzen ari dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide