Iruña-Veleia auzia

Argitu du

Erabiltzailearen aurpegia
Eraikin erromatarraren aztarnak Iruña-Veleiako aztarnategian. / WIKIPEDIA

"Argitu da, behingoz, gehienok pentsatzen genuena: ostrakak faltsuak zirela. Nahiz eta minoria batek debatea "zientifikoa" zela irudikatu nahi zuen, zientziaren munduan ez zegoen inolako eztabaidarik".

Argitu da, behingoz, gehienok pentsatzen genuena: ostrakak faltsuak zirela. Luzea izan da prozesua, 14 urte ustezko grafitoak aurkitu zituztenetik eta 11 urte faltsukeria hauek judizializatu zirenetik.

Nahiz eta minoria batek debatea "zientifikoa" zela irudikatu nahi zuen, zientziaren munduan ez zegoen inolako eztabaidarik: ez arkeologian, ez historian, ez filologian ezta kimikan ere, IPCEren informeak argi utzi zuenez.

"Sekta terraplanista-homeopatiko bat jaio zen gai hau baliatuz, martiri bat zutelarik: Veleiberrak"

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi dut Euskal Herrian sekta terraplanista-homeopatiko bat jaio zela gai hau baliatuz, martiri bat zutelarik irudi gisa: Veleiberrak. COVID-XIX jarri izan balu ostrakaren batean oraindik "froga arkeometrikoak" eskatuko zituzten, haientzat haien "egia" eta haien "zientzia" baitira benetazkoak, soilik.

Urte luzez matonismoaren jokabidearekin ibili dira, fraude hau salatu zutenak mehatxatuz, zientzialarien lanari ospea kenduz, arkeologoen profesionaltasuna kolokan jartzen saiatuz… baina zientzialari hauei esker gehienok argi izan dugu hau faltsifikazio zatar bat besterik ez zela: ezinezkoa zela piezarik in situ aurkitu ez izana, ez zela posible hasperenik ez agertzea, Nefertiti izen horrekin idatzita ateratzea, eta abar eta abar (200 bat, argiago esateko).

"Zientzialarien lana kolokan jartzen saiatzen dira XXI. mendeko sektak"

Baina hau ez da egun batetik bestera gertatu, Eliseoren defendatzaileak ere konturatu ziren gauza batzuk defendaezinak zirela: hasieran mundu guztiak Descartes irakurtzen zuen pieza batean, baina terraplanismoaren magiaz hitz hori Miscart izatera pasa zen. Berdina gertatu zen denok hitzarekin, Denos izatera pasa baitzen. Iruña-Veleiako aztarnategiko garbitze-gelako teknika bera erabili zuten: aurretik ezberdina zen gauza bat haiek izatea nahi zutena bihurtzea.

Batzuk Atapuercaz hitz egiten zuten, Vaticano-EHU-Euskalduntze Berantiar konfabulazio bat zelarik, baina argi geratu da Atapuercaz baino, Zubialdez hitz egin beharko genukeela. Descartez ez, baina Copernicoz edo Galileiz bai hitz egin beharko genukeela; hauek zientzia erabili baitzuten, nahiz eta beste martiridun sekta erraldoi batek haien aurka egin. Askotan esaten dute historia errepikatu egiten dela, eta badirudi oraindik zientzialarien lana kolokan jartzen saiatzen direla XXI. mendeko sektak.

"Espero dezagun instituzioek Veleiako ondare eta informazio guztia lurrazpitik ateratzea"

Amaitzeko, mahai gainean jarri nahiko nuke faltsukeria honetatik benetan minduta atera diren hiru adarrak. Batetik, arkeologia, ogibidearen izena zikindu baitute. Euskara ere kolpatuta atera da, hizkuntza hau zaharrena dela esateko asmoarekin ondarea eta hizkuntza zikindu baitituzte. Azkenik, kaltetuena, Iruña-Veleiako aztarnategia izan da, Araban eta EAEn dagoen erromatar aztarnategirik handiena.

Espero dezagun hemendik aurrera instituzio publikoek egoera honi buelta ematea eta Veleiak erakusteko duen ondare eta informazio guztia lurrazpitik ateratzea.

Erlazionatuak

Eliseo Gili bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri diote

Añana Iruña Oka

Gasteizko Zigor Arloko 1. epaitegiak dokumentuak faltsutzeagatik eta iruzurragatik zigortu du. Ruben Cerdani urtebete eta hiru hilabeteko zigorra e...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide