Zezenketak defendatzeko euren irudia erabili izana salatu du Blusen eta Nesken Komisioak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko uzt. 28a, 09:48
Gasteizko jaietako zezenketen aldeko marrazki bizidunen irudi bat

Gasteizko jaietako zezenketak defendatzeko egindako marrazki bizidunen bideoa ezabatzeko exijitu dute. Protesta modura, asteleheneko Gran Prix-ari uko egin zioten.

“Zezenketak promozionatzeko blusen eta nesken kolektibo osoa erabili izanak sortu digun ezinegona azaleratu nahi dugu”. Hala dio Blusen eta Nesken Komisioak argitaratutako oharrak. Euren esanetan, “ez dugu onartzen gure irudia xede pribaturako erabiltzea. Ez gatoz bat bidali nahi duen mezuarekin”. Horregatik, bideoa ezabatzeko exijitu dute.

Gasteizko zezen plaza kudeatzen duten Coso de Badajoz eta Fusión Internacional por la Tauromaquía enpresek argitaratutako bideoari erantzunez atera dute oharra blusek eta neskek. Bi haur ageri diren marrazki bizidunetan, haietako batek, Iñaki deiturikoak, blusa darama jantzita. “Zezenketak babestu eta haiek ikustera geratuko gara”, dio Iñakik irudietan.

Blusen eta neskek adierazi dute zezenketak antolatzen dituen enpresariak “aldebakartasunez” jokatu duela euren irudia sartzerako ordua. Protesta modura, uko egin zioten berak antolatutako Gran Prix-era joateari.

Ehunka lagun, zezenketen amaiera eskatzeko

“Ez dira zure jostailuak, sentitu egiten dute” lelopean, animaliei “desiratutakoa ez den edozein sufrimendu” eragiten dieten ikuskizunak debekatzeko eskatu zioten astelehenean ehunka lagunek Gasteizko Udalari.

Protestaren antolatzaileen arabera, “animaliek ez dute ingurua ulertzen eta ez dakite beraiengandik zer espero den. Estresa pairatzen dute, eta zezenketen kasuan, sufrimenduz beteriko heriotza”. Martxak 30 gizarte eragileren eta Podemos eta Equo alderdien babesa izan du.

“Sinetsita gaude zezenketak desagertu egingo direla, ondo pasatzeko animaliei sufrimendua eragiteak ez baitu inolako zentzurik”, azpimarratu dute animalistek. Aurten, baina, zezenketak izango dira Gasteizen, “kontratu bat indarrean dagoelako”. Udalak ez du erabaki 2017an egingo diren ala ez.

 

(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide