Aitor Ugarte txapeldun Arabako Eskolartekoan

Erabiltzailearen aurpegia

Larunbat eguerdian jokatu zen Arabako 2020ko Eskolarteko Txapelketaren finala, Murgiako Palatu Kirol eremuan. Aitor Ugarte txapelduna Eukene los Airesekin izango da Euskal Herriko finalean.

Murgiako Palatu Kirol eremuak bertsoari ateak zabaldu dizkio larunbat honetan; eta 12:00etan Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatu da bertan bildutako 80 bertsozaleren aurrean. Gasteizko Hegoi Amabizka eta Eukene de los Aires, Aramaioko Danel Herrarte, Gari Arexolaleiba eta Aitor Ugarte, eta Aguraingo Beñat Cano izan dira hiru eskualdeetan egindako topaketetan aukeratutako sei finalistak.

Mikrofonoa babesteko zorroak jarri ta kendu, gel hidroalkoholikoa sarri bota, maskara jantzi esertzean, kantatzeko kendu... bertsoa egiteko nahiko lan ez eta aurten bereziki zaila izan da bat-bateko jarduna. Edonola ere, segurtasun neurri guztiak lagun, saio beroa eta maila txukunekoa egiteko gai izan dira bertsolariak, entzuleen epeltasunak ere bultzada eman dielarik.

Zortziko handian bina bertso kantatu behar izan dituzte hasteko. Aiton-amonak ikusi gabe aspaldian egondako biloben paperean lehenbizi. Institutura bueltatzeko gogoz zeuden arren ikusitakoarekin haserre dauden ikasleen paperean ondoren, edo etxetik joan nahian dauden gazteen larrutik amaitzeko.

Zortziko txikian ofizioka hiruna bertso umoretik kantatzen entzun ahal izan ditugu ondoren sei bertsolariak. Garai xelebre hauetan asko ligatzen duena eta ezer ligatzen ez duena aurrez aurre jarrita, Hegoi eta Beñatek saio bizia egin dute. Aitor eta Gari ere inoiz kirola egin ez eta korrika hasi berri diren bi lagun izan dira, konfinamendua eta gero geldi egotearen ondorioak pairatu ostean: "Grabitateak ondo ein du bere lana", gogoratu du Aitorrek, edo "bihar ez gara pertsona izango". Eukene eta Danelek bertso-eskolako errealitateari heldu ahal izan diote, herdoildutako eta asko entrenatutako ikaslearen kontraesanak azaleraziz.

Bina punturi erantzun behar izan diete ondoren, bakarka. Azkar eta txukun erantzun dituzte oro har. Bizitzea tokatu zaigun errealitate berezi honi umorez eta kritiko erantzuteko aukera izan dute. Beñat Canok esan bezala, "aurrera egin behar da ta beti barrezka", eta horrela heldu dira bakarko azken lanera.

Eukene de los Airesek esan bezala, saioaren amaierarako nerbioak lasaituta eta gozatzen aritu dira bertsolari gazteak askoren lehen aldian: "Eskolarteko berezi hori / ez da horrenbesterako... / prestatu Euskal Herrirako!".

Ekaitz Elorriagak, Mikel Fernandez de Arroiabek eta Aitor Jimenezek osatu duten epaimahaiak Aitor Ugarte aramaioarra izendatu dute txapeldun, eta Euneke de los Aires gasteiztarra txapeldunorde.

Aroa Arrizubietak iazko lekukoa jasotzen duen egurrezko mikrofonoa pasa dio Aitorri, eta sendo kantatu digu "lekukoa pasatu / daigun eskuz esku /  ze bertsoak txapeldun / bat bakarrik ez du". Harro hartu du lekukoa, eta eskerrak emanez agurtu gaitu txapeldunak. Luzaroan gogoan izango duen txapelketako oroigarri borobila eraman du etxera: "Mikroa doa oinordetzan ta / Nola ez harro sentitu / Aurrerantzean bertso ederrak / Ere kantatuko ditu!".

Eskerrik asko Ikastolen Elkarteari Eskolartekoa beste behin ere aurrera ateratzeko emandako emandako laguntzagatik, eta zorionak Arabako bertso-eskolei, ez baita makala egoera zail honi emandako erantzuna, eta lortutako emaitza. 2021ean gehiago eta hobeto.

Informazio gehiago topatuko duzue Arabako Bertsozale elkartearen webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide