Oholtzapetik

Xabi Igoa izan zen garaile Maeztuko Oholtzapetik saioan

Erabiltzailearen aurpegia

Ostiralean ospatu zen Arabako bertsolariak OHOLTZAPETIK entzulea epaile egitasmoaren 4. jardunaldia. Xabi Igoa izan zen Maeztuko eskolako aterpean bertsolari txalotuena. Beraz, finaleko laukotea erabakita geratu da.

Maeztun izan zen Oholtzapetik egitasmoko 4. jardunaldia, aurreko ostiralean. Bertan, Eli Plazaola gai jartzailearen aginduetara aritu ziren Manex Agirre, Manu Bendala, Xabi Igoa eta Rikardo Gonzalez de Durana bertsolariak.

Azken hilabeteetan sortutako egoera eta egungo testuinguruari lotutako gaiak jorratu zituzten saioan zehar, batzuetan umoretik eta bestetan gaiak exijitzen zuen seriotasunetik. Ale ederrak entzuteko parada izan zuten hurbildutako 30 lagunek.

Saioa amaitzear, agurrak kantatu aurretik heldu zen ikuslearen epaia, bertsolari bakoitzari txalo zaparrada eskaintzeko unea. Eta, entzuleek hala erabakita, Xabi Igoa izango da uztailaren 17an Araiako kaleko frontoian kantatuko duen bertsolaria, Felipe Zelaieta, Peru Abarrategi eta Oihane Perearekin batera.

Informazio gehiago topatuko duzue Arabako Bertsozalearen webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide