Argia, kobazulora

Erabiltzailearen aurpegia
Joan den urteko eskolarteko finala, Zigoitian. / ABE

"Hamalau urte bitartekoek bertso idatzien lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute"

Maiatza hilabete garrantzitsua da, urtero, Arabako bertso-eskoletan. Udaberriaren haize epelak erakarrita, jendaurreko emanaldiak eta festak ohikoak izaten dira urteko sasoi horretan: bertsoari lotuta, errima eta silaben saltsan, lau hormen arteko kobazuloetan lanean aritzen diren gaztetxoei plazara salto egiteko bidea zabaltzen zaie, udaberriarekin batera. 14 urtetik beherakoen Arabako Bertso Eskolartekoa maiatzean egin da urtero: eskualde bakoitzeko topaketa, lehenengo, eta finalaren eguneko festa handia, bukatzeko.

Gaztetxo horiek plazarako bidea, neurri batean behintzat, itxita dute orain, ordea. Larrialdi-egoerak ez dio bertsoaren belaunaldi arteko transmisioari lagundu, hori garbi dago. Baina horrek ez du esan nahi Arabako bazterrak isilik geratuko direnik. Aurtengo Bertso Eskolartekoa ezberdina izango da, baina egin egingo da. Umeen sormenari bidea libre uztea baino gauza ederragorik ez dago eta.

14 urte bitarteko ume eta gaztetxoek bertso idatzien lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute udaberri honetan. Bertsolaritza ikastetxean edo bertso-eskolan lantzen dutenak hasiak dira dagoeneko lanak prestatzen, bertsolaritza-irakasleen laguntzaz. Ondoren, maiatzean zehar, eskualde bakoitzeko lan aukeratuak argitaratuko dira Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean (www.bertsozale.eus/araba), eta bertan ikusi ahal izango ditu hala nahi duen edonork.

Bukatzeko, ekainaren 6an jakingo dugu zeintzuk diren eskolarteko finalistak, webgunearen bidez. Sari ederra jasoko dute finalera iristen direnek: irailaren 13an Hontza Extrem abentura parkera joateko aukera izango dute. Ez galtzeko moduko aukera, beraz.

Bertso idatzien sortetarako, hiru gai jarri dituzte, aukeran: "Nola ikusten duzu mundua etorkizunean?", "Animalia bihurtzeko aukera bazenu, ze animalia aukeratuko zenuke, eta zergatik?", eta "Ikusezina bazina, zer egingo zenuke?". Lanak banaka edo taldeka aurkeztu daitezke, maiatzaren 21era arte, araba@bertsozale.eus helbidera bidaltzeko.

Kobazulotik kanpora atera beharrean, argiari kobazuloan sartzen utziko diogu aurten. Aurrera!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide