Bidean jarraitzeko helmuga

Erabiltzailearen aurpegia
Egilea: Arabako Bertsolzale Elkartea

Larunbat honetan bukatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren 2019ko edizioa, Principal Antzokiko finalean.

Otsailaren hasieran hasitako bidearen helmuga izango da martxoaren 30ekoa, beraz. Baina helmugak ez dakar amaierarik, kasu honetan. Bideak aurrera jarraituko du, eta horren lekuko dira Principaleko oholtza zapalduko duten aurpegi berriak.

Peru Abarrategi aramaioarrak eta Aroa Arrizubieta gasteiztarrak lehenengo aldiz kantatuko dute Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean. Gaztetu egin da finala, eta berrikuntza dakar horrek. Hala ere, ez da sorpresa izugarria ere izan: 2018ko udazkenean abiatutako sailkapen fasean hasi, eta ondorengo final-laurden eta finalaurreko saioetan nabarmena izan da parte-hartzaile gazteen eta berrien presentzia. Saio biziak izan dira, jende aldetik erantzun ona izan dutenak (nabarmentzeko modukoak izan dira Araiako, Aramaioko eta Legutioko saioetan izandako betekadak), eta bertsolari beteranoen tenplea eta parte-hartzaile berrien ausardia erakutsi dutenak.

Abarrategi eta Arrizubietarekin batera, txapelketan kantatzea zer den ondo dakiten beste lau izango ditugu finaleko tabladuan: Manex Agirre eta Xabi Igoa aramaioarrak, Iñaki Viñaspre abetxukuarra eta 2017ko edizioko txapelduna, Oihane Perea zalduondoarra. Marta Ugartek eta Oier Suarezek egingo dituzte aurkezle-lanak.

Orain ia bi hilabete, txapelketaren aurkezpena egin zen egunean, Bernardo Atxagak aldarrikapen bat egin zuen: euskararen sinbolo gisa, txantxangorria baino, egokiagoa izango zela araba-zozoa, adibidez. Araba-zozoak taldean ibiltzeko duen joerarekin lotzen zuen egokitasun hori, bere izaera kolektiboarekin. Eta, era berean, adierazi zuen arabar bertso-mugimenduak bete-betean egiten duela bat izaera horrekin. Bada, larunbatekoa izango da talde-izaera horren erakusgarri garbienetako bat. 17:30ean hasiko da saioa, eta iluntzean jakingo dugu 2019ko txapelduna zein den. Tarte horretan, bertsoak egin dezala bere bidea, eta goza dezatela bertsozale guztiek, bidelagun gisara.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide