Gasteizko jaiak 2018

Aihotz plazan, oasia

Erabiltzailearen aurpegia
Igandean izango dira Aitor Mendiliuze eta Maialen Lujanbio. / Dobt

Gasteizko bertsozaleek ezinbesteko hitzordua dute Aihotz plazan, abuztuaren 5etik 9ra.

Eguerdiko bero-sapari aurre egiteko, eguzkitakoen gerizpearekin eta GEU elkartearen txosnako edari freskoekin batera, ondo aukeratutako bertso-saio sorta ederrak hartzen du bertan lekua.

Blusa eta neska taldeen eta txarangen hotsen oihartzunen bat iristen bada ere, oasi modura funtzionatzen du Aihotz plazak, Andra Mari Zuriaren jaietan, egunero, eguerdi aldera. Askotan, ez da erraza izaten festen testuinguruan bertsoa txertatzea: zaratatsuak gara berez, eta, festarako gaudenean, are zaratatsuago. Hala ere, gasteiztarrek (eta kanpotik datozenek, ez baitira gutxi) jada badakite, eguerdi aldera, zerbait ezberdina egosten dela Aihotz plazan; 13:30etik aurrera.

Oro har, bertsolari arabarren eta Euskal Herri osoan plazaz plaza dabiltzanen elkargunea ere izaten dira saio hauek. Nahasketa horren ondorioz, elkarrekin kantuan gutxitan aritu izan diren bikoteak entzuteko aukera izaten dute bertsozaleek. Aurten, gainera, arabarren kasuan, bereziki nabarmentzekoa da bertsolari gazteen presentzia: Aroa Arrizubieta, Peru Abarrategi edo Asier Rubio ariko dira kantuan, beteranoagoekin batera.

Aipamen berezia merezi du, hala ere, Gasteizko jaietako lehenengo saioak, igandekoak,  abuztuaren 5ekoak. Orain urte gutxi abian jarritako apustuarekin jarraituta, plazako ohiko formatuari (lau, sei… bertsolari eta gai-jartzailea) astindu bat eman, eta bi bertsolariko saioa izango dugu aurten ere taula gainean. Aintzane Irazusta gai-jartzailearen aginduetara ariko dira Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze, 2017ko Euskal Herriko txapelketan, hurrenez hurren, txapeldun eta  txapeldunorde izanak. Festetako saioetan ere badago bertsolariak estutzeko aukera, eta saio ederrak ateratzen dira halakoetan.

Beraz, jaietako frenesiari geldialdi bat eman nahi dionak, Aihotz plazara joatea du. Eta, ondoren, buelta zalapartara!

5, IGANDEA

13:30 Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze.

6, ASTELEHENA

13:30 Andere Arriolabengoa, Izar Mendiguren, Igor Elortza eta Xumai Murua.

7, ASTEARTEA

13:30 Aroa Arrizubieta, Julen Zulaika, Aitor Sarriegi eta Nerea Ibarzabal.

8, ASTEAZKENA

13:30 Manex Agirre, Asier Rubio, Unai Iturriaga eta Oihana Iguaran.

9, OSTEGUNA

13:30 Oihane Perea, Peru Abarrategi, Julio Soto eta Miren Amurizaren eskutik.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide