alea.eus

Bidean datozenen txanda

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale elkartea 2018-05-11 15:54   Iritzia

Kostata iritsi da udaberria gurera. Hala ere, urteroko hitzorduek ez dute barkatzen. Maiatzean, giro gozoa izan, edo freskoago egin, plazetarako bidean datozenen txanda da, Arabako bertso-munduan.

Bidean datozenen txanda
Bertsoa Bizi Gazte ospatuko dute larunbatean, hilaren 12an, Legution. / ABE | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertso-eskolak asko dira Araban, eta askotariko kideak daude bertan. Adinez, kezkaz, ilusioz eta asmoz anitza da Arabako bertso-ekosistema. Adin guztietako jendeak hartzen du parte bertsoaren etxe diren egitura txiki horietan; eta, pozik esan dezakegu horietako asko eta asko ume eta gazteak direla. Kezka, ilusio eta asmo ezberdinak dituzten ume eta gazteak dira, baina gauza bat behintzat partekatzen dutenak: maiatzean, plazara ateratzeko saltoa egiteko aukera ederra dute.

Eskolartekoa da horretarako aukera ematen duen ekimena. Eta adin-tarte ezberdinetan, formatu ezberdina hartzen du gainera ekimenak. 14 urtetik beherakoetan, eskualdez eskualdeko topaketak izango dira bertsolari gaztetxoen bilgune:

  • Lautadako topaketa: maiatzaren 11n, Aguraingo Zabalarte aretoan, 18:00etan.
  • Gorbeialdeko topaketa: maiatzaren 11n, Aramaioko Sastiñan, 17:30ean.
  • Aiaraldeko topaketa: maiatzaren 18an, Amurrioko katekesi aretoan, 18:00etan.
  • Mendialdeko topaketa: maiatzaren 18an, Kanpezuko kultur etxean 17:00etan.
  • Gasteizko topaketa: maiatzaren 19an, Gasteizko Beñat Etxeparen, 11:00etan.
  • Arabar Errioxako topaketa: maiatzaren 20an, Oiongo plazan, 13:00etan.

 

Maiatzaren 26an amaituko dira gaztetxoen hitzorduak, Zigoitiko Bengolarra frontoian 10:00etan egingo den Arabako topaketarekin.

 

14 urtetik gorakoek, ordea, hitzordu bakarra izango dute. Ez nolanahikoa ordea: Bertsoa Bizi Gazte egunaren bigarren edizioa egingo dute maiatzaren 12an, Legution. 11:30ean hasita, Bertsoa Bizi Gazte bideoklip lehiaketaren emanaldiak egingo dituzte, eta ondoren etorriko da gaztetxoen eskolarteko txapelketaren finala. Protagonistak, honako boskotea: Martin Abarrategi, Peru Amorrortu, Aroa Arrizubieta, Beñat Cano, Mikel Martin eta Aitor Ugarte. Sari banaketarekin bukatuko da ekitaldia.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa