alea.eus

Bertsoaren B aldea

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale elkartea 2017-12-12 11:12   Kultura

Mundu guztia dago BECera begira. Igandean, bertso-munduaren erakusleihoa izango da. Baina kontuz: ez da bakarra. Hala Bediko Bertxoko saioak aspaldiko sariketa berrartu, eta lehiari beste kolore bat eman dio. BECen alde ezkutua, horra.

Bertsoaren B aldea
Bertxoko sariketaren finala, Hala Bedi tabernan; Aitor Ugarte irabazlearen agurra. / ABE | Ikusi handiago | Argazki originala

Azaroak 30, ostegun iluntzea. Ehun bat lagunek lepo bete dute Gasteizko Hala Bedi Taberna. Eta, kasualitatez, ezjakinean, bertara trago bat hartzeko asmoz sartu denak, rap berezi bat kantatzen (edo antzezten) topatu ditu lau gazte. Horixe da Bertxoko Sariketaren finala.

Bertsolari Txapelketa Nagusiak, lau urtean behin, bertsozaleen eta, neurri handi batean, euskal kulturzaleen gehiengoaren arreta bereganatzen du. Baina bertso-mugimendua apur bat ezagutzen duenak ondo daki: Txapelketa Nagusiaren argazkia, argazki panoramikoa da, baina difuminatu samarra ere izan daiteke. Bertsolaritza, gaur egun, zerbait bada, anitza da, askotarikoa, eta harrigarria ere izan daiteke, ez gutxitan. Horren adibide izan daiteke hemen aipagai dugun Bertxoko Sariketa.

Berezitasunak alde askotatik datozkio: Batetik, sariketan bikoteka hartu behar da parte; bikotea arabar bertsolari gazte batek eta gazteak berak aukeratutako “babesleak” (bertsolari beteranoagoak) osatzen dute. Finalerako pausoa, ordea, gazteak bakarrik emango du, entzuleek (beraiek baitira epaileak) hala nahi badute. Bestetik, ariketen berezitasunak daude: agur berezi puntuagarria, goian aipatutako MC Serapioren estiloko rap-a, finaleko ofizio berezia, testuinguru jakin batean kantatu beharrekoa… Sariketak lehia du oinarri, ezin bestela izan, baina saioetako giroa oso ezberdina da. Eta, agian, badu loturaren bat sariketaren antolatzaileek asteazkenero, 20:00etatik 21:00etara, Hala Bedi irratian egiten duten Bertxoko irratsaioarekin.

Xabier Antiak, Aitor Ugartek, Asier Rubiok eta Unai Andak jokatu zuten aurtengo finala, eta lauren artean Aitor Ugarte aukeratu zuten txapeldun. Edo, barka, ez-txapeldun: kamiseta, turuta eta ez-txapela eman baitzioten Aitorri. Horixe da bertsolaritzaren B aldea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa