alea.eus

Sustrai Colina garaile Bastidako lehen finalaurrekoan

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale elkartea 2017-10-30 11:07   Kultura

Bastidan abiatu ziren larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak. 980 bertsozale inguru bildu ziren udal kiroldegian saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Sustrai Colina garaile Bastidako lehen finalaurrekoan
Argazkilaria: Gari Garaialde | Ikusi handiago | Argazki originala
Arabar Errioxara heldu zen larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final laurdenak amaituta, finalaurrekoei heldu die txapelketak eta Bastidakoa izan zen lehena. Zenbait bertsozalek gainera asteburu osoko plana egiteko baliatu zuten abagunea, ostiraletik hasita hainbat ekitaldi izan baitira herrian bertan: kantu poteoa, Plaza Irrintzika emanaldia eta noski, Arabar Errioxan egonik, upategietara bisita.

17:00etan hasita, Inazio Usarralderen aginduetara jarri ziren lehen finalaurreko honetan Jone Uria, Sustrai Colina, Nahikari Gabilondo, Agin Laburu, Jon Martin eta Igor  Elortza. Bastidako Udalari eta Arabar Errioxako bertso eskolari eman nahi izan zizkion eskerrak Bertsozale Elkarteak, bertso saioa antolatzeko emandako laguntzagatik.

Finalaurreko saioetan eginbeharrekoak aldatu zitzaizkien bertsolariei, final laurdenekin alderatuz gero: aurreko fasean bezala, binaka aritu ziren zortziko txikian eta handian eta banaka puntu erantzunetan, baina sei puntuko motzean aritu ziren gerora. Eta azkenik, kartzelako lana gauzatu zuen seikoteak; "ez duzu gonbidapenik jaso baina joatea erabaki duzu" egokitu zitzaien gaia.

Puntu gehien bildu zituen Sustra Colinak, 705,5. Haren atzetik honela geratu zen sailkapena: 703 Igor Elortzak; 690 Agin Laburuk; 671 Jon Martinek; 669 Jone Uriak; eta 600 puntu Nahikari Gabilondok. Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Mikel Beaumont, Mikel Fernandez de Arroiabe, Joakin Arregi, Zigor Leunda eta Mikel Lersundi izan ziren epaimahai eta idazkari lanak egin dituzte Joxe Mari Altunak eta Esti Zengotitabengoak.

Bigarren itzulian aritzeko txartela eskuratu zuen zuzenean Colinak eta Amurrioko saioan oholtzaratuko da berriz ere azaroaren 19an. Gainerako bertsolariek lehen itzuliko beste saioetan gertatzen denaren aiduru egon beharko dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa