Asteotan egindako ezohiko osoko bilkuran, uda guztietan udalerriko ibaiek jasaten duten egoera salatzeko mozioa onartu dute aho batez Zuiako Udaleko ordezkariek, eta horren gaineko adierazpen instituzionala ere adostu dute.
Idatziak gogorarazi du tokiko erakundeak ura kudeatzen ahalegintzen badira ere, "funtsezko eta ezinbesteko azpiegitura" falta dela, edateko uraren hornidura udalerriko populazio handieneko guneetan bermatuko lukeena eta sare ezberdinak hornitzen dituzten erreka guztien emari ekologikoa ziurtatuko lukeena.
Horren inguruan, nabarmendu du "bereziki larria" dela uda guztietan Baia ibaiak eta ibaiadar batzuek jasaten duten egoera "kritikoa", emaria zeharo aldatu eta beren uren kalitatea eta kantitatea kaltetzen dutenak.
Irtenbide tekniko egokia
Ohartarazi du udalerriko biztanleriaren gehiengoa ezin dela egon udako prezipitazioen menpe eta, hortaz, "behar bezalako konponbidea" eskatu du mozioak. Uraren kudeaketan eskudun diren erakunde guztiei, eta bereziki, Ura agentziari eta Diputazioari eskatu die "zorroztasunez" ekin diezaiela egin beharreko lanei, Zuiari kalitatezko ur-horniketa bermatzeko eta erreken emaria ziurtatuko duen konponbide tekniko egokia ezartzeko.
Obra horiek ibaietako babes bereziko eremuetako espezieak eta habitatak kontuan izanda egin daitezela ere eskatu du aho batez udalbatzak.