Bizente Goikoetxearen estatuak erasoa jasan du

Mirian Biteri 2016ko api. 27a, 12:06
Egilea: Goiena

Pasa den ostiralean sudurra apurtu zioten estatuari, eskultura eraberritu eta astebetera. Aramaioko Udalak salatu du gertatutakoa  "lotsagarria eta onartezina" dela. Musikariaren heriotzaren mendeurren ospakizunak egiten dabiltza.

Jarraian, Aramaioko Udalak kaleratutako oharra:

"Aurreko ostiralean Bizente Goikoetxearen estatua sudurra apurtuta agertu zen.

Herriko edozein gauza nahita apurtzea, lotsagarria eta onartezina da. Udalak kudeatzen duen dirua herritar denona da eta diru horrekin ahal dena egiten da beti. Hau da, farola edo estatua bati kalteak egiteak udal baliabideak, herriko baliabideak, erabili beharra ekartzen du, eta konponketa hori egiteak beste konponketa batzuk edo inbertsio batzuk atzeratzen ditu. Hori dela eta, nahita egiten diren apurketak errespetu falta bat dira Aramaioko herritar guztiontzat.

Kasu honetan gainera, beste faktore batzuk daude tarteko. Lehenengo eta behin, estatua bat artelan bat da, eta artista bat dauka sortzaile. Kasu honetan gainera Lorenzo Askazibar eskultoreak berak lagundu du estatuaren berriztatzean. Hau luxu bat izan da Aramaiorentzat: 60 urteren ostean sortzaileak berak berrizten laguntzea estatua. Eta Bizente Goikoetxearen heriotzaren 100. urteurrena ospatzen gabiltzan urte honetan estatua ber inauguratu eta 5 egunetara apurtzea errespetu falta itzela iruditzen zaigu, zentzu denetan.

Udalak konponduko du apurtutakoa, baina idatzi honen bidez gertatutakoa gogor salatu nahi dugu. Onartezina iruditzen zaigu eta espero dugu berriro ez gertatzea.

Zaindu eta errespetatu ditzagun gure herrikideak eta herria bera osatzen duten elementu, artelan, eta abarrak. Eta ekintza hau edo herriari, bere elementu edota pertsonei, kalte egiten dioten edozein pertsona lotsatua sentitu beharko litzake edo guztiok lotsatua sentiarazi beharko genuke.

Aramaio eta denon arteko elkarbizitza aramaioar guztion ardura da".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide