Euskararen Eguna

GEU Elkarteak 'Pyrogenia' ikuskizunarekin ospatu du Euskararen Eguna

Mikel Buruaga 2020ko abe. 3a, 21:01

GEU Elkarteak eta Zirkoloretsua zirku konpainiak pandemiari eta hotzari aurre egin diote Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Dozenaka lagun bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan, Pyrogenia ikuskizunaz gozatzeko.

Covid-19aren pandemiak ezin izan du Euskararen Eguneko ospakizunak zapuztu, eta Zirkoloretsua zirku konpainiaren Pyrogenia ikuskizuna antolatu du GEU Elkarteak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, urteroko ekitaldiari eutsiz. Su-malabare, argi, maskara eta efektu piroteknikoekin, abenduko arratsalde hotza berotu du zirku ikuskizunak.

Oraindik Euskaraldian murgilduta gauden honetan, Gasteizko Euskaraldia, Gasteizko Udala eta Vital Fundazioarekin batera GEUk antolatutako emanaldian dozenaka lagun bildu dira, segurtasun neurri guztiak errespetatuz.

Izan ere, kultura segurua bermatzeko asmoz, ikuskizuna kalean izan da, baina edukiera kontrolatu du GEU Elkarteak. Horretarako, lurrean laukiak markatu dituzte, eta lauki bakoitzean sei pertsona gehienez sartu ahal izan dira. Laukien artean distantzia mantentze aldera, 30 lauki inguru banatu dira plazaren goiko aldean.

Webgunearen bitartez martxan jarritako izen-ematea ostiralean itxi behar izan zuen GEUk, 24 ordu baino gutxiagoan leku guztiak agortu zirelako.

Mintz(A)dromoa bezperan

Euskararen Eguneko ekimenak bezperan hasi zituen GEU Elkarteak. Izan ere, abenduaren 2an Mintz(A)dromoa antolatu zuen Oihaneder Euskararen Etxea, Gasteizko Euskaraldia eta Gasteizko Udalarekin elkarlanean.

Mintzodromoaren helburuak euskal hiztun gehiago ezagutzea eta modu dinamiko eta dibertigarri batean euskara praktikatzea ziren. Mahaietan banatuta, parte hartzaileek emandako gaiei buruz aritu ziren denbora tarte zehatz batean. Saioa dinamikoagoa izateko, erronka bat, sariak eta zozketak ere izan ziren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide