Hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak sei hizkuntza landuko ditu

Erredakzioa 2019ko ira. 10a, 06:00
Amelia Barquinek judu-espainiera hizkuntza aurkeztuko du. ALEA

Urrian, judu-espainiera hizkuntza erromanikoa aurkeztuko du Amelia Barquin irakasleak Hitz Adina Mintzo programan.

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren bosgarren ikasturtea sei hizkuntzaren inguruan arituko da, urritik aurrera: judu-espainiera, erromintxela, sorabiera, kriola, lakota eta nasa yuwea. Itziar Idiazabal Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko ohorezko laguntzaileak inauguratuko du ikasturte berria, irailaren 25ean, Hizkuntza kooperazioa, zer da eta zer egin daiteke? izeneko hitzaldiarekin, Oihaneder Euskararen Etxean.

Hitz Adina Mintzo Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak hizkuntza gutxituak ezagutzeko 2015ean abiatutako zikloa da, munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea eta hizkuntza aniztasunaren balioa nabarmentzea eta ezagutaraztea du helburu.

Oihaneder Euskararen Etxeko lagunek jakinarazi dutenez, munduko hizkuntza aniztasunaren galera arazo edo gertakari linguistiko bezala aztertu izan da historian zehar, eta gaur egun jakina da herrien hizkuntza eta kultura galtzeak haien garapena baldintzatzen duela. "Euskaldunak gure hizkuntzaren biziberritze prozesuarekin batera ohartu gara beste herrietako hizkuntzek ere, eta bereziki gutxituek, aldeko jarrera eta ahalegina eskatzen dutela. Hizkuntza kooperazioak ahalegin horretan jarduteko aukera ematen digu", azaldu dute.

Modu horretan, urrian, judu-espainiera hizkuntza erromanikoaz hasiko da Hitz Adina Mintzo zikloa, Amelia Barquin HUHEZIko irakaslearen eta ikertzailearen eskutik. Azaroan, Oscar Bizarraga, Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakariordeak erromintxela aurkeztuko du, Euskal Herrian jatorria daukan hizkuntza ahaztua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide