"Baloreen heziketa eta ezberdinarekiko errespetua falta direla ematen du"

Lurdes Errasti, Denon Eskolako presidentea 2018ko urr. 15a, 14:40
Araba Euskarazen 2019ko iragarpena.

"Araba Euskaraz jaiaren aurkezpenerako bideoan, ikasle baten kontaketak eskola publikoa euskara mespretxatzen duen tokia bezala aurkezten duenean zerbaitek huts egin du".

Joan den astean Gasteizen ospatuko den Araba Euskaraz 2019 aurkeztu zen, zeinaren irabaziak Armentia Ikastolan hobekuntzak egiteko erabiliko diren. Horraino dena normala, ezberdintasunetik abiatuta, gure ikuspuntu ezberdinak uztartu eta elkarbizitzarako tarterik badago euskalduna eta askotarikoa izatea nahi dugun gure hiriko gizartean.

Baina jaiaren aurkezpenerako bideoan ikasle baten kontaketak (gogora dezagun 16 urte baino gazteagoa dela bera) eskola publikoa euskara mespretxatzen duen tokia bezala aurkezten duenean zerbaitek huts egin du, eta hezkuntza eredu horren arazoak agerian gelditzen dira. Integrazio arazoa, diskriminazio arazoa eta bizi dugun errealitate sozialaren ezagutza falta eta heziketa arazoa.  

Heziketa arazoa ikastetxe horretan baloreen heziketa eta ezberdinarekiko errespetua falta direla ematen duelako.

Errealitate sozialaren ezagutza faltaren arazoa ikastoletan euskara ikastea erraz samarra delako, gure hizkuntza ikastearekiko abegi ona erakusten duen masa soziala baitaukate. Bitxia da, halere, adituen arabera, irakaskuntza publikoarem eta itunpekoaren arteko datuak alderatzerakoan ez baita hainbesteko ezberdintasunik ikusten. Eta horrez gain, eskola publikoan aurkitzen ditugun ikasleen jatorrizko hizkuntzak oso homogeneoak ez direla kontuan hartu behar dugu. Zabalgana eskolan adibidez, Armentia ikastolatik hurbil, jatorrizko 22 hizkuntza zenbatzen dira, eta halere, euskaraz komunikatzen dira ikastolakoen parekoak diren maila akademiko oso onargarriekin, eta ez ahaztu, diru publikoarekin soilik finantzaturik

Diskriminazio arazoa Gasteizko populazio etorkinaren %2 bakarrik eskolatu delako gure hiriko ikastoletan.

Integrazio arazoa bestea, ezberdina, ezagutzen ez duzunean soilik mespretxatu dezakezulako.

Eta beste arazo bat gehituko nuke, larriena nire ustez, jaiaren antolatzaile taldearena hain zuzen ere, hain une aztoratuan, Eusko Legebiltzarrean eskola segregazioaren aurkako herri ekimen legegilea baztertu egin denean, era honetako bideo bat aurkeztuz.

Eskola publikoko ama naiz, irakaskuntza dohainekoa eta kalitatezkoa izan behar dela uste dudalako, gure kulturan sinestu eta eskola publikoan indartu eta sendotzen dela dakidalako, gure gizartea anitza delako eta gure umeek gizartean bizitzen eskolan ikasten dutelako, eta gure garaikoarekin zerikusirik ez duen mundu aldagarrian bizitzeko prestatzen direlako. Eta hori guztia, batzuen gogokoa ez bada ere, eskola publikoak bakarrik bermatzen duelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide