Bihar hasiko dira dantza-plaza saioak Gasteizen

Erredakzioa 2017ko mai. 4a, 13:34

Plaza Berrian elkartuko dira, 20:00etan, eta hamar emanaldi izango dira, irailaren 8ra arte.

Udal Folklore Akademiak Dantza Plazan programa aurkeztu du gaur. Bihar hasita, irailaren 8ra arte, hamar saio izango dira. “Folklore tradizionalaren arazoetako bat praktikatu ahal izatea da, hain zuzen. Gure kasuan Dantza Plazan izeneko jardueraren bitartez gauzatzen da hori, ikasleek eskoletan ikasitakoa praktikatzeko“, adierazi du kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Herritarrei irekitako ikuskizuna da, euskal dantza tradizionalen ikusle eta, aldi berean, partaide izateko aukera eskaini nahi baitzaie herritarrei. Nagusiki pedagogikoa da Dantza Plazan jarduera, Akademiako dantzako irakasleek aktiboki hartzen baitute parte, koreografien pausuak azalduz. Ohi bezala, Plaza Berrian egingo dira saioak, irailaren 8koa izan ezik: Ataria zentroan egingo da, Salburua auzoan.

Berritasun gisa, ekainaren 23an Dantza Plazan saio berezia antolatu dute, Bandtzaldia izeneko ikuskizuna; Udal Musika Bandak, Aiko taldeak eta Folklore Akademiak dantza errepertorioa interpretatuko dute, erromeria bat irudikatuz, eta publikoak entzuteaz gain dantzan aritzeko aukera izango du.

2017-2018 ikasturterako izen ematea

Beste alde batetik, maiatzaren 1etik 23ra bitartean egongo da zabalik Udalaren Folklore Akademian 2017-2018 ikasturterako izena emateko epea. Musika Etxean (San Antonio kalea, 14) eman daiteke izena, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era (ostiral arratsaldeetan izan ezik).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide