Astelehenean hasi eta ekainaren 14ra arte luzatuko da XVI. Bizikletaren Aste. IGIk, Bizikleteroak elkarteak eta Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak egitaraua zabala prestatu dute, eta gizarte etxe eta auzoetan askotariko jarduerak izango dira egun horietan.
Hitzaldiak, ikastaroak, bizikleta-irteerak eta beste jarduera asko antolatu dituzte. Esaterako, Aldabe gizarte etxean bizikletarekin lotutako bost hitzaldi emango dituzte. Landatxon, berriz, bizikletaz ibiltzen ikasteko eta praktikatzeko ikastaroa egingo dute, eta Salburuan bizikletaren mekanikari buruzko ikastaroak. Horrez gain, Landazuri kiroldegian mekanikarekin lotutako jarduerak eta hiri txirrindularitzari buruzko hitzaldiak egingo dituzte. Pilarren, berriz, Olarizuko lorategi botanikoan zehar adinekoentzako triziklo-ibilaldiak eskainiko dituzte.
Bizikletaren erabilera gora
Egun, gasteiztarren joan-etorrien %13 inguru bizikletaz egiten dira. Gasteiz hiribidean instalatutako bizikleta-kontagailuaren datuak kontuan hartuz, 2017ko martxoan 69.914 pertsona igaro ziren bertatik; iazko hilabete berean, berriz, 55.800. "Horrek adierazten du Gasteizen gero eta pertsona gehiagok aukeratzen dutela bizikleta", nabarmendu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusillak.