Tranbiaren kontra, babes zabala lortu dute Adurtzan

Anakoz Amenabar 2017ko api. 26a, 12:21
Sinadura bilketa egin du Tranvia No Taldea plataformak. /Alea

Gasteizko Udalera eramango dute auzia maiatzaren 5ean; dagoeneko, 1.800 sinadura jaso dituzte.

Adurtza eta San Cristobal auzoetara tranbia eraman ez dezaten, plataforma bat osatu dute auzokideek, eta dagoeneko 1.800 sinadura bildu dituzte garraio egitasmoa Gasteiz hegoaldetik luzatzearen kontra. Sinadurekin batera, hainbat ekinaldi egin dituzte, erabakiaren inguruko informazioa auzokideen artean zabaltzeko. 

Tranvia No Taldea plataformako kideen arabera,  "arduragabea" da tranbia auzo horietara eraman nahi izatea. "17 milioi euro gastatuko dituzte errentagarria  ez den eta beharrezkoa ez den proiektu batean; are okerragoa, benetan tranbia nahi duten auzoak daudenean", azaldu dute. Euren esanetan, garraiobide guztiak ez dira aproposak leku guztietarako, eta tranbia etorbide zabal eta distantzia luzeetarako pentsatua dago, "eta ez kale estuetan sartu eta ibilbide motzak egiteko". Nieves Cano moduko kaleetan 60 eta 90 urte bitarteko etxebizitzak daudela gogoratu dute, eta tranbiaren bibrazioak kaltegarriak izan daitezkeela uste dute. "Estuegiak dira hainbat kale eta ez dituzte  jasango bibrazioak; tranbiak eragingo dituen zarata arazoak, katenariaren arriskua eta pilaketagatik izan daitezkeen istripuak ahaztu gabe".  

Erdigunea unibertsitate campusarekin lotzeko tranbia egitasmoa "okerra" dela uste dute, "oinez, 7 minutuan egiten delako Angulemako geltokitik Martinez de Aragon kalera bitartekoa", eta beraz, azkeneko ibilbide hori ikasleentzako ez delako baliagarria izango.

Ingurumenari dagokionez, halaber, Adurtza eta  San Cristobal auzoetako ingurune berdeetan proiektu berriak egingo duen kaltea "zenbaezina" izango dela aipatu dute. Besteak beste, Maria de Maeztu parkearen zati handi bat kaltetu eta 150 zuhaitz inguru kenduko dituztela gogoratu dute.

Kezka, Udalera

Hilaren 4an Udalera jo zuen plataformak duen kezkaren berri eman eta alderdien babesa jasotzeko, eta berriz egingo dute maiatzaren 5ean. "Itxaropenik ez dugu galdu; tranbiak eragingo dituen kalteak mahai gainean jarriko ditugu behintzat, eta alderdien benetako aurpegia erakutsi", azaldu du plataformako kideetako batek. "Momentuz PP, Podemos eta Irabaziren babesa jaso dugu, eta EAJ, PSE eta EH Bildu kontra agertu dira, baina  ez dugu itxaropena galtzen erabakia aldatzeko".       

Hala, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak azaldutakoaren arabera, hurrengo asteetan esleituko dute tranbia Adurtzara eramateko proiektua, eta 2019. urterako prest izan daiteke. "Proiektu garrantzitsua da hiriburuarentzat, egunero milaka lagunei zerbitzua emango dielako; hegoaldea eta iparraldearen arteko lotura posible izango da". Guztira, 1.340 metro izango ditu lotura berriak,  Angulematik abiatu eta Domingo Martinez de Aragon kaleen artean –Florida, Los Herran, Castro Urdiales eta Nieves Cano igaroko ditu–, lau geltoki berrirekin. 

Babes bila

Udalean mozio herritarra aurkeztu bitartean, sinadurak biltzen jarraitzen du Tranvia No Taldea plataformak. Florida eta Castro Urdiales kaleetan jaso dituzte azkenak eta datozen egunetan ere babesa jasotzen jarraituko dute. Bilketa egiten duten egun bakoitzeko 250 bat sinadura bildu dituztela gogoratu dute, 1.800 inguru orain arte. "Eta kontuan hartu behar da paperean bildu ditugula, jendea mobilizatu dela sinatzeko, euren datuak hartu ditugula eta ez direla telefono bidez egindako klik batekin lortu, hori ere kontuan hartu beharko lukete agintariek".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide