Hamalau proposamen jaso ditu Gasteiz Antzokiaren ideia-lehiaketak

Erredakzioa 2017ko api. 11a, 13:38
Eskoriatza-Eskibel etxadian kokatu nahi dute Gasteizko Antzokia.

EH Bilduk proiektua gauzatzeko prozesua azkartzeko eskatu dio Urtaranen gobernuari, "legealdi honetan errealitate bihurtzeko".

Gasteiz Antzokia diseinatzeko ideia-lehiaketak hamalau proposamen jaso ditu, oraindik ere Korreoz hel daitezken proiektuak kontuan hartu gabe. Urtarrilean Eskoriatza-Eskibel etxadian kokatuko litzatekeen proiektua definitzeko ideiak jasotzeko lehiaketa abian jarri zuen Udalak. Auzolana frontoiaren inguruan sortutako polemikari aurre egiteko, Udalak pilotalekua ez ikutzeko aukera jaso zuen baldintza-agirian. 

Lehiaketara 36.000 euro bideratu dituzte. Ideia irabazleak 20.000 euro lortuko ditu; bigarren sariak 10.000 euro, eta azkenik, 3.000 euroko bi accesit banatuko dira.

 

Legealdi honetan egiteko "premia"

Ideia-lehiaketara aurkeztu diren ideak aurkeztu duten egunean, Eh Bilduk Urtaranen gobernuak Gasteiz Antzokiaren inguruan egiten ari den kudeaketarekin desadostasuna adierazi du. Hala, Gasteiz Antzokia "berriz ez atzeratzeko eta legealdi honetan errealitate bihurtzeko" eskatu dio EH Bildu udal taldeak Urtarani. Beti ere, "Auzolana frontoia mantenduz eta Euskararen Etxea indartuz", zehartu du Miren Larrionek.

Horrez gain, alderdi abertzaleak lehiaketaren baldintza agirian ezartzen zen puntua gogorarazi du, hau da, ideia irabazlea ez dela zertan gauzatuko dena izan behar. Gainera, Gasteiz Antzokia bezalako proiektu estrategikoa adostasunetik abiatu behar dela gaineratu du Larrionek. "Are gehiago euskararen inguruan hitz egiten ari garela; merezi duen prestigioa eman nahi badiogu, Antzokia gatazkatik atera behar dugu". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide