70 puntu baino gehiago ditu Gasteizko kultura alternatiboaren mapak

Erredakzioa 2017ko api. 6a, 13:29
Proiektuan parte hartu dutenen talde argazkia.

Orainaldian proiektuaren baitan kokatzen da story mapa. Iñaki Landa kazetariak sustatu du, Gazte Sortzaileak bekari esker.

Gazte Sortzaileak bekari esker, Iñaki Landa kazetariak Gasteizko kultura alternatiboan oinarritutako story mapa osatu du. "Ohiko mapak dira oinarrian, baina testu, argazki, bideo edo soinuekin eguneratuak", argitu du Landak. Horretarako, bi lantegi antolatu zituen otsailean, parte-hartzaileekin XXI mendeko mapa osatzeko. Orain lan horren emaitza aurkeztu diete gasteiztarrei, Orainaldian izena hartu berri duen proiektua, hain zuzen ere."Gasteiztarrentzat eta kanpotik datozenentzat badira gozotegien mapak, pintxo ederren mapak, jatetxe eleganteen mapak baina... eta kulturaren mapak?". Abiapuntu horrekin martxan jarri zuen proiektua Landak.

Auzolana, oinarri

Hasieratik argi zeukan Landa auzolanean oinarritutako mapa izango zela. Horretarako story mapen inguruko ikastaroa antolatu zuen Oihaneder Euskararen Etxean eta bertaratu zirenekin, zerrenda "anitza eta zabala" osatu zuten. Besteak beste, hor ageri dira Zuloa, Monstrenka, Baratza, Gero arte, Teantro, Zas, ARTgia edota Sukubo moduko guneak. Baina baita Parral, Gora Project, Herre 74, Black Salad tabernak ere, "tabernak izan arren eurek ematen diotelako benetako bizitza hiriari". Horrez gain, Errekaleor auzoa ageri da, Gasteizko Gaztetxea, Sumendi edota Helldorado edo Orbain moduko kultur elkarteak.

Orainaldian: laissez faire dokumentala

Proiektua gauzatzen ari zirela, Orainaldian: laissez faire egitasmoa bihurtu zen. "Gune ezberdinetako kideekin hitz egiterakoan Gasteizko gazte sortzaile zirenen istorioak kontatzeko daudela konturatu ginen. Kulturaren alorrean emergenteengan, gazteengan arreta gehiago jarri behar dela ulertu genuen eta, besterik gabe, horretara jarri ginen", zehaztu du Landak. Hala,  Ginidi Auzmendi dokumentalista eta Mikel Buruagaren laguntzarekin, proiektua dokumetal bilakatuko da. Bertan, Lurburu kolektiboa, Gasteiz Hardcore Crew kolektiboa, Beñat Goitia musikaria, Eider Bernaola argazkilari, Mikel Ktthulu editorea, Paul Urkijo zinegilea, Irantzu Lekue artista, OjodeKuervo eta Frik1 grafitigilearen bizipenak agertuko dira.

Etorkizunera begira, kultura alternatiboaren mapa berri hau telefonoentzako APP bilakatzea dute helburu.

 

 

Erlazionatuak

"Gasteizko kulturaren mapa interaktiboa sortuko dugu"

Ania Ibañez eta Alberto Garcia 2017 ots 01 Gasteiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide