Urangaren ondarea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko mar. 16a, 10:29
Pablo Uranga pintorearen koadro bat

Aste honetan aurkeztu dute Pablo Uranga pintorearen erakusketa berritua Gasteizko Arte Ederren museoan; artistaren hiru obra gehiago ikus daitezke.

 

Margolaritzaren euskal eskolaren artista garrantzitsua da Pablo Uranga pintorea (Gasteiz, 1861- Donostia, 1934), eta bere ilobak Maria Elena Urangak Aldundiari emaniko hiru obra berri ikus daitezke Arte Ederren museoan. Erakusketa berritua aste honetan zabaldu dute; horretan Elgetako bohemioa autoerretratua, Nire familia, eta Liniers jeneralaren atxiloketa izeneko margoak ikus daitezke, lehenbiziko aldiz.

Urangaren obra oso ezaguna da; haren margolaritzak inpresionismoaren eragina dauka, bereziki Frantziakoarena, "baina suharragoa eta oldarkorragoa da", erakusketaren aurkezpenean azaldu dutenez. Urangak Espainiako tradizio klasikoari atxikitako Velazquez eta Goyaren eragina jaso zuen, baina margolari berritzailea zen. Gai ugari landu zituen, historikoak, erlijiozkoak, irudi kostunbristak, paisaiak eta irudi intimistak.

Arte Ederren museoan ikusgai dagoen Elgetako bohemioa koadroa autorretratua da. Gerritik gora ageri da pintorea, beltzez jantzita eta ohiko txapela buruan. Urangak, bere eginkizunean murgildurik –paleta eskuetan duela igartzen da–, ikusleari begiratzen dio aurpegia ilun-argitan duela, aurpegi zirriborratua, pintzelkada gutxikoa baina, kemen eta indarrez betea, argi eta garbi Flandriako tradizioaren zordun. Margolariaren margolan gogokoenetako bat izan zen.

Nire familia margolanean, berriz, Urangak emazte Prudencia Lejarreta, alaba Maritxu eta bere irudia margotzen ditu. Espainiako tradizio klasikoaren eragina antzematen zaio pinturari, eta Velazquezi egiten dio erreferentzia.

Azken koadroa formatu handiko margolaritza historikoaren lekuko ona da, Liniers jeneralaren atxiloketa hain zuzen. Buenos Airesko 1910eko nazioarteko erakusketara aurkeztu zuen. Margolanak eszena bizia erakusten du, baina mugimendu izoztukoa, Urangaren estilokoa; pintorearen izaera antzematen da lorratza gorri-horien tonuen bizitasunean eta zeruaren urdin-arrosetan, oso ohikoak baitira haren lan guztietan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide