Neska pilotarien lekua aldarrikatuko dute larunbatean Zaramagan

Mirian Biteri 2017ko mar. 2a, 10:07

Jaialdi berezia egingo dute auzoko pilotalekuan; Aranatze pilotari gaztea zena ere omenduko dute bertan.

Gasteizko Zaramaga pilota elkarteak Aranatze pilota jaialdia antolatu du larunbat honetarako, martxoaren 4rako. Elkarteko Axio Ruiz de Infantek azaldu du helburu bikoitza duela esandako ekimenak. Alde batetik, Aranatzeri, pilotari gaztea zenari, omenaldia egin nahi izan diote. "Urtebete pasatxo eman zuen Aranatzek minbiziaren kontra borrokatzen; baina, zoritxarrez, ezin izan zion aurre egin eta joan egin zitzaigun. Gogoan dut tratamendua jasotzen zegoenean ere pilotalekura etortzea gustatzen zitzaiola. Bere omenez prestatu dugu larunbateko jaialdia".

Aranatze abiapuntu hartuta, larunbateko jaialdia emakumezko pilotari guztiei eskaintzea erabaki dute elkartekoek, neska pilotariei "bultzada ederra" emateko asmoarekin. "Pilotalekuan nesken presentzia normalizatzea da helburua. Federazio ezberdinak ahalegin berezia egiten dabiltza emakumeak pala jokora bidaltzen; ez, ordea, esku-pilotara. Oso zaila da esku-pilotan jokatzen duten neskak topatzea", salatu du Ruiz de Infantek.

"Sare modukoa"

Horren aurrean, "sare modukoa" eratu nahi dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Hain justu ere, herrialde ezberdinetan esku pilotan jokatzen duten neskatoen arteko harremana sustatu nahi dute. Pilotazaleen "topagunea" izango da asteburu honetako jaialdia. "Errioxa eta bestelako tokietako pilotariekin bageneukan aurretik harremana, baina, ez, ordea, bizkaitarrekin eta gipuzkoarrekin, oso sakabanatuta daudelako. Kostata, baina lortu dugu azken lurralde horretako pilotariak topatzea", azaldu du.

Denera, 44 pilotarik eman dute izena, Euskal Herritik zein Errioxatik. Besteak beste, Oñati, Bastida, Lizarra, Amurrio eta  Antzuolakoak izango dira, Errioxako Briñas edota Santo Domingokoekin batera. Maila guztietakoak dira gainera: benjaminak, kimuak, haurrak zein gaztetxoak. Hain justu, zazpi eta hamabost urte arteko neskak dira guztiak.

20 partidu

Larunbat arratsaldean egingo dute jaialdia, 16:00etan, Zaramagako pilotalekuan. Guztira, pilota goxoekin jokatutako 20 partidu izango dira, adinaren arabera banatutakoak. "Pilotari bakoitzak bi partida jokatuko ditu 12 puntura; triangeluar modukoak egingo ditugu", azaldu du Ruiz de Infantek. Azken norgehiagoka, baina, takoekin jokatuko dute Leire Garai arabarrak eta Olatz Ruiz de Larramendi nafarrak. "Lehia horretan botilero lanak egingo dituzten bi bertsolarik ere hartuko dute parte esku-pilota jaialdian; emakumeak biak".

Ekimen polita emakumearen tokia aldarrikatzeko, eta, bide batez, Aranatze gogorarazteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide