Karmele Jaiok emango dio hasiera 'Saski Naski, sorkuntza artistikoen otzara' zikloari

Mirian Biteri 2017ko ots. 17a, 07:03

Idazlea bera eta Aitor Agirre eta Triku Villabella musikariak izango dira igandean Oihanederreko agertoki gainean; Ander Elorzaren irudiak lagun dituztela, gasteiztarraren unibertso poetikoan murgilduko dute Euskararen Etxea.

Egitasmo honen asmoa da Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizun artistiko ezberdinen erakusleihoa izatea; denetarik izango du lekua, hala ikuskizun literarioa nola zuzeneko ilustrazio emanaldia, eta antzerki esperimentala edo magia saioa. Hilean behin jarduera bat izango da igande arratsaldeetan, 19:00etan.

Martxoaren 19an Xabier Montoia idazle eta musikariaren txanda izango da. Ez du ohiko kontzertua eskainiko, Bilbon abian jarritako Izar&Star VII proiektuarekin bat egin duen emanaldia baizik. Ingelesa ez den beste zortzi hizkuntzatan abestuko dituzte hainbat abestiren bertsioak Montoiak berak, Ibon Rodriguezek eta Itziar Lertxundik.

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna aprobetxatuta, Ilustrazioek hitz egiten dutenean izeneko zuzeneko emanaldia eskainiko dute Elena Odriozola, Maite Gurrutxaga eta Helena Azkarragaurizar ilustratzaileek. Galtzagorri haur gazte literatura elkartea eta Mikel Ayerbe izango dituzte bidelagun; azken hori koordinatzaile lanetan. Aurrerago ere ikuskizun gehiago ikusteko aukera izango dela aurreratu dute Oihaneder Euskararen Etxetik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide