"Irlandera 'nirea' zen, baina etxean ingelesez mintzo ginen"

Beñat Garaio 2017ko ots. 10a, 09:55
Patrick Carlin soziolinguistak hitzaldia eskainiko du Gasteizen hurrengo asteazkenean. / Alea

"Konponbide kreatiboak bilatzea tokatzen zaie Irlanda eta Erresuma Batuko ordezkariei".

Belfasteko giro katolikoan jaioa, 70. hamarkadan, gazte zela egin zuen alde Gales aldera. Galesera ikasi eta soziolinguista bilakatu zen, batik bat Caerdydd-eko unibertsitatean egindako lanarengatik. Euskara ere ikasi zuen eta orain Katalunian eta katalaneran dago murgilduta. Irlanda eta Britainia Handiko hizkuntza politikak aztertzen dituen liburu bat argitaratzear da eta ikerketa-lerro berri bat jarri nahi du abian laster. Otsailaren 15ean Oihanederrek antolatzen duen Hitz Adina Mintzon hartuko du parte, Irlandako gaelerari dagokion ekitaldian.

Jatorriz ingeles hiztuna zara, baina noiz ikasi zenuen Irlandako gaelera eta zergatik?

Nire familian ingelesez mintzatzen da, Belfasten jende gehienak ingelera hitz egiten baitu. Hala ere, irlanderarekiko harremana eta zaletasuna familian hor dago, ezkututa apur bat agian, baina hor dago. Institutuan hasi nintzen irlandera ikasten eta udan irlandera hitz egiten diren eskualdetara joaten nintzen, Irlandako Errepublikan. Belfast garai horretan leku nahiko gogorra zen eta beharbada, irlandera eta askatasun sentimendua lotzen nituen, udako hilabete oso bat Ipar Irlandako arazo eta kezkarik gabe pasatu ahal izateko! Horrekin batera, garai horretan bi gauza kontrajarri sentitzen hasi nintzen, izan ere, irlandera nolabait "nirea" zela baina etxean ingelesez mintzatzen ginela onartu egin behar izan nuen eta. Sentimendu ezeroso, baldar eta erabilgaitz horrekin segur asko hasi zitzaidan soziolinguistikarekiko interesa.

Zer nolako haurtzaroa gogoratzen duzu Belfasten?

Belfast mota asko daude. Belfasten nire garaian bizi den beste batekin hitz egiten baduzu, agian beste Belfast bat deskribatuko dizu. Ni bizi nintzen Belfasteko auzoan, 7 edo 8 urtearekin ohartzen nintzen katoliko edo protestante izateak garrantzi asko zuela, adibidez, kalean ibiltzerako orduan. Lehenengo aldiz zure kuadrillan norbaitek esatea "baina agian zuk ezin duzu gurekin jolastu, zeren katolikoa zara" gogorra da, zuregan inpaktua du eta hogei urte ondoren umetan hasitako fase bat amaitu behar duzula ohartzen zara. Dena dela, ezeren gainetik ezerosotasun bizia sentitzen nuen.

Galesera jauzi egin zenuen ondoren, Aberystwythera. Zergatik?

Erantzuna erraza eta zaila da, aldi berean. Alde batetik, Erresuma Batuko unibertsitate sistemak orduan beka bat ematen zuen. 18 urte nituen eta gauza asko nahi nituen: askatasun pertsonala, hori bai, baina baita ere garai horretan esaten ei zen get education and get out, hau da, asko ikasi eta ahal baduzu, ospa Ingalaterrara edo Eskoziara. Galeserari dagokionez, banekien galesera beste hizkuntza zeltiar bat zela eta, tira, hura ikastea erabaki nuen.

Orain, berriz, Katalunian bizi zara, eta aurreko batean esan zenuen bezala, bizi den egoerarekin txundituta.

Katalunian bizi den egoerak irakurketa asko dauzka. Hori esanda, uste dut irakurketarik garrantzitsuenak demokraziak hurrengo hilabeteetan hartuko duen forma izango dela, bereziki estatu espainolaren testuinguruan. Momentu txit inportantea da baita Espainiarentzako ere, bere zilegitasunarentzako, bere erakundeentzako, eta baita bere gizarte zibilarentzako ere. Katalunian zer gertatuko den galdera oso ona da, baina nire ustez, galdera hori bezain egokia izango litzateke "zein neurriraino hasi da bizi zaren estatua  bere hiritarren gehiengoari huts egiten?".

Nola ikusten dituzu Ipar Irlanda, Gales eta Eskozia, Brexit-aren aurrean? Eta zure Ipar Irlandako azken gertakariak?

Irakurketa eta ildo asko dauzkate Brexit gertaerak eta erreferendumetik irtetzen diren oihartzunek. Aipatzen dituzun hiru sistema politikoak banan-banan hartu behar dira, nik uste. Hiru hauek eta Erresuma Batuaren politika orokorra lotuta daude, noski, baina bakoitzak duen berezitasunetik hasi behar da. Galesekin hasita, zentzu batean, asanblea eta botere exekutiboaren politika Edinburgon egiten da, bere konpetentzia-eremua hain ahula denez gero. Eskoziari dagokionez, bertako gobernuak bigarren independentzia erreferenduma egin nahiko du, Brexit-en emaitza ikusi eta gero, baina gaur egungo inkestek ez diote itxaropen askorik ematen. Ipar Irlanda da, halaber,  hiruren artean aldez aurretik gutxien interpretatu daitekeena, izan ere, bi dira inplikatuta dauden estatuak. Mahaiaren gainean daukazu, orduan, Erresuma Batuko agintari batzuk aipaturiko ohiz kanpoko egoera bat, hots, Erresuma Batuaren fronterak Irlandako Errepublikako portuetan jartzea proposatu izana, Brexit arin baten eszenarioan. Hala gertatuko balitz, Irlandako Errepublikaren burujabetza nola geldituko zen galdetu liteke, eta galdera hori Dublinen egiten bada, egingo da baita Belfasten ere. Irlandako historia ondo dakienak agian ulertzen du egoera hau, baina ez dakit komeni den galdera hori egitea... Jakina, egoera politiko korapilatsu bati erantzun praktiko bat eman behar zaio, horregatik konponbide kreatiboak bilatzea tokatzen zaie Irlandan eta Erresuma Batuan bizi diren agintari eta gizarte zibilaren ordezkariei.

Azken urte hauetan liburu mardul batekin aritu zara lanean. Zerbait gehiago esan ahalko zeniguke honen inguruan?

Galesen eta Irlandan azken urteotan izan den politika linguistikoari buruz izan da, eta Cardiffeko unibertsitatearen ikerketa-proiektuaren emaitzak jasotzen ditut han. Azken 30 urte hauetan "gobernantza" handitu egin da, eta aldi berean "gobernua" nolabait txikitu egin da herri askotan. Egin nahi genuena izan da galesera eta irlandera sustatzeko hizkuntza politiko hizpide hartuta, gobernantzaren garapena aztertzea bi testuinguruen arteko ispilu bat erabiliz. 

Zein izan da zure orain arteko lan-ildoa eta zein izango da aurrerantzean?

Esan bezala, azken urte hauetan galesera eta irlanderaren hizkuntza politikaren arloan egon naiz lan egiten, baina azken bolada honetan proiektu literarioago batekin jardun naiz, lurraldea, emozioak, literatura eta irudimen kreatiboa lotzen dituena. Izango duzue nire berri, hala nahi baduzue!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide