Auzo Eszena programak Gasteizko arte eszenikoen alorreko konpainia ez-profesionalei beren proposamenak jendaurrean erakusteko aukera ematen die, eta aurten 18 lan estreinatuko dira. Lehenengo hamarrak otsailaren 19tik maiatzaren 28ra bitarteko igandeetan estreinatuko dira; Aldabe, Arana, Arriaga, Ariznabarra eta Salburuko antzokietan izango dira emanaldiak, 19:00etan hasita.
Talde eta banako hauek hartuko dute parte: Abarka taldea, Express Your Clown, Panico Escenico, Entelekia, Teatro Lua, Mejora@s, Juanjo Monago, Arteko, Tranpola eta Extremadurako Etxea. Abarka taldearen La escuela de Don Silvestre lanarekin emango diote hasiera programari, hilaren 19an.
Gaur jarriko dira sarrerak salgai, gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan. Prezioak 3 eta 5 euro artekoak izango dira, taldeen arabera.