Nolakoa izango da Gasteiz Antzokia?

Erredakzioa 2017ko urt. 26a, 16:59
Eskoriaza-Eskibel etxadia Alde Zaharrean dago kokatuta.

Lehen fasean Gasteiz Antzokia eraikiko litzateke; bigarrenean, berriz, Oihaneder Euskararen Etxearen egoitza berria.

Santa Maria Katedrala Fundazioak joan den udan aurkeztu zuen proiektua eta Eskoriatza-Eskibel etxadia proposatu zuen Gasteiz Antzokia eta Oihaneder Euskararen Etxea kokatzeko. Adituek lau kokapen aztertu zituzten, eta ondorioztatu zuten horixe dela egokiena, ondare eraikia berreskuratzen eta dinamizatzen lagunduko lukeelako, eta egin beharreko inbertsioaren gizarte errentagarritasunagatik.

Etxadiak bi lursail ditu: batetik, pilotalekua, garai bateko ostatua eta haren aurreko lorategia; bestetik, Eskoriatza-Eskibel jauregia bera dagoen lursaila, eta horren aurreko espazio librea eta lurpea. Proiektua bi zatitan garatuko litzateke: lehenengo Gasteizko Kafe Antzokia eraikiko litzateke, aipatu den lehenengo lursailean. Bigarren fasean, Oihaneder Euskararen Etxearen egoitza berria egingo litzateke, jauregia eta aurreko espazio librea eraberrituz eta egokituz.

Gasteizko Udalak proiektua diseinatzeko abian jarriko duen ideia-lehiaketan, arkitektoek espazio hauek aurreikusi behar dituzte:

Gasteiz Antzokia

Kontzertu, antzerki eta dantza aretoa, 400 metro koadroko espazio nagusi batekin; agertokia, 200 metro koadrokoa. Orobat, bi biltegi jarriko lirateke: horietako bat 100 metro koadrokoa. Gainera, taberna-kafetegi-jatetxeak 100 metro koadro hartuko lituzke, gehi 150 metro koadroko jantokia eta zerbitzu-eremua. Auzokoentzako espazio moldagarriak 400 metro koadroko azalera izango luke.  Auzolana pilotalekuari dagokionez, espazio hori dagoen horretan uzteko edo eraisteko aukera emango zaie arkitektoei.

Oihaneder Euskararen Etxea

Eskoriaza-Eskibel jauregian, bestetik, kultur ekipamendu handia planteatzen dute, Oihaneder Euskararen Etxea kokatzeko. Bertan, euskararen interpretazio zentroa, hiru lantegi, hitzaldi aretoa eta informatika eta multimedia gela aurreikusten dira. Horrez gain, bi erakusketa gela jarriko lirateke (300 eta 150 metro koadrokoak) eta zazpi bulego. Jauregiaren aurreko espazio librean irisgarritasun arazoak konpondu behar dira, kalearen eta plazaren arteko kota aldea gaindituz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide