'Home Staging', higiezinen marketina

Naiara Lpz de Uralde 2017ko urt. 27a, 12:40
Orokorrean 'home staging'-aren teknika erabilita etxe bat azkarrago saltzen da. | Belen urrutxi

Gure artean asko izan dira azkenaldian ideia berritzaileak martxan jarri dituztenak. Belen Urrutxik, adibidez, AEBetatik datorren zerbitzua eskaintzen du, eta gero eta bezero gehiago ditu. 

 

Arratsalde batean bere etxean telebista ikusten zegoela, Belen Urrutxik betidanik buruan bueltaka zeukan ideia hori gauzatzeko irtenbidea topatu zuen. Urte batzuetan zehar dekoratzaile moduan jardun ostean, orain home staging teknikan aditua da. "Beti etxebizitzak era traketsean salerosten zirela pentsatu izan dut, eta horregatik, lagun bati nire ideia zein zen azaldu, eta bion artean proiektua martxan jartzen hasi ginen 2013. urtean", azaldu du Urrutxik. "Tamalez, azkenean berak ezin izan zuen inoiz honetan lan egin, baina nik aurrera jarraitu dut".

Home staging-a higiezinen marketina da. Hau da, saldu edo alokatu nahi diren etxebizitzak, bulegoak edota lursailak apaintzen dira, horiek azkarrago sal daitezen.  Baina teknika honen funtsa ez da etxebizitza erosiko duen hori engainatzea. "Lan honen bidez ez dira etxearen akatsak ezkutatu nahi; aitzitik, bilatzen dena bere bertuteak indartzea da". 

AEBetatik datorren teknika

Teknika berri hau AEBetatik dator, eta gero eta herrialde gehiagotan erabiltzen da. "Frantzian, adibidez, dagoeneko salgai dauden etxe guztietan egiten da; eta estatu mailan ere Madrilen edota Bartzelonan poliki-poliki indartzen doan zerbitzua da". Momentuz, Araban ez da oso teknika ezaguna, eta horregatik, Urrutxik hasiera batean lortzen zituen lan gehienak interiorista moduan izaten ziren. "Nituen bezeroei etxea dekoratzeaz gain, beste zerbitzu bat ere eskaintzen nuela azaltzen nien, eta horrela, pixkanaka-pixkanaka, bezero berriak izatea lortu dut".

Etxe baten prestaketa lanak 15-30 egun bitartean egiten dira. "Lehenengo, egin beharreko aldaketak zeintzuk diren erabakitzen da, gero guztia prestatu, eta azkenik argazki egokiak ateratzen dira". Modu horretan, Urrutxik merkatuan zortzi hilabetez saldu gabe egon zen pisu bat, aste bakar batean saltzea lortu zuen.

Etxea "neutralizatzea"

Prestaketa lan hauen helburu nagusia etxea "neutralizatzea" da. "Azkenean erosi nahi duen horrek lau horma horien artean bere etxea imaginatu dezala bilatzen dugu, eta ez beste norbaiten etxea ikustea",  azaldu du. "Behin, banandu berri zen gizon batek kontratatu ninduen bere emazte ohiarekin bizi zen pisua saltzeko, baina azkenean, etxea goitik behera aldatu ostean, bera izan zen etxebizitzarekin geratu zena".

Urrutxik bidean topatu duen arazorik nagusiena zerbitzu honen  inguruko ezjakintasuna da. "Teknika berria denez jende askok ez du ezagutzen, eta horregatik, hasiera batean mesfidantza sortzen du". Orain, ordea, bere bezeroek zerbitzua besteei gomendatzen diete, eta, ahoz aho, ezagutzera eman du. Duela hilabete bat, gainera, etxetik atera eta bulego batera joateko aukera izan du, Gasteizko Alde Zaharreko enpresa hazitegian. 

Etorkizunari begira, bestalde, lantalde handi bat sortu nahiko luke, etxebizitza edota lokal bat prestatzerako orduan beste enpresekin batera kolaboratu ahal izateko. "Izan ere, oso nekagarria da pertsona bat bakarrik guztia prestatzen eta txukuntzen aritzea; gehiegizko lana da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide