Falerina lorategiaren kudeaketa berreskuratuko du Udalak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urt. 17a, 15:46
Falerinako lorategia.

Kultura sailak Falerina lorategiaren  kudeaketa berreskuratuko du, "eta kultura eduki zabalagoa emango dio".

Montehermosoko taberna-kafetegia soilik esleituko duela erabaki du Gasteizko Udalak, eta Falerina lorategiaren erabilera zuzenean kudeatuko duela. "Dena dela, tabernaren esleipendunak lorategia erabiltzeko eska dezake, eta zerbitzuarekin koordinatu", argitu du Estibaliz Canto kultura zinegotziak. "Gure asmoa da lorategiko kultur jarduera berreskuratzea, kultur agenteekin koordinatutako programazio baten bitartez; kontzertuak baztertu gabe, era guztietako kultura sustatuko dugu", azaldu du Cantok.

Kultura sailak dituen asmoak aurreratu ditu: lorategia eta belarra publikoarentzat berreskuratzeaz gain, ez da karparik jarriko, “lurrari kalterik ez egiteko”, eta agertokia espazio publikoan egiten diren gainerako jardueretan bezala estaliko da.

Baldintza berriak

Montehermosoko zerbitzu horren kontratua 2016ko abuztuan bukatu zen, eta luzatzeko aukera izan arren enpresak adierazi zuen soilik urtarrilera arte jarraitu nahi zuela.

Zenbait aldaketa egin beharko ditu Udalak taberna-kafetegia araudi eta baldintza berrietara egokitzeko. Hala, 2016ko urtarrilean gertatutako sutea dela eta sukaldeko instalazioetan obrak egin behar dira oraingo araudia betetzearren, zehazki, ke-irteera egokitzeko. Eraikin babestua izateak zaildu egiten du hori, ezin delako tximiniarik jarri fatxadan.

Beraz, esleitzeko prozedura berri baterako izapideak hasi aurretik, Hirigintza eta Ingurumen sailek azterlana egin beharko dute, eta egin daitezkeen esku-hartzeak zehaztu eta balioetsi, horretarako aurrekontua egin, eta lanak gauzatu. Proposamenaren arabera, lokalaren kalifikazioa ezberdina izango da, bai eta janariak eskaintzeko aukera, ordutegiak, etab.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide