Euskararen Eguna 2016

Euskaldun berriaren plaza inauguratu dute Euskararen Egunean

Erredakzioa 2016ko abe. 4a, 11:32

Eskoriatza-Eskibel jauregi aurreko plazari Euskaldun Berria izena emateko ekitaldia burutu zuten udal ordezkariek. Gainera, Izaskun Arrue Gasteizko lehenengo andereñoa omentzeko lore eskaintza ere egin zen.

 

Euskararen Egunari hasiera emateko talde politiko guztietako ordezkariek Euskaldun Berria plazaren inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten. Bertan plaka historiografiatua desestali zuten udal ordezkariek eta Iñaki Prusilla Euskara zinegotziak hartu zuen hitza. “Aurrerantzean, euskara berreskuratu eta ikastearen aldeko apustua egin zuten –eta  oraindik ere egiten duten– milaka eta milaka gasteiztarrak ikusarazi, aintzat hartu eta omentzeko balioko du leku horrek. Gure hizkuntza ikasi eta euskaldun oso sentitu nahi zuten belaunaldi osoak, hizkuntza edo gizarte zailtasun ororen gainetik”, esan du.

Euskaldun berriei kale bat eskainiz omentzeko ekimena Udalak Hakoba-Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordearen barruan aurreko urtean hartutako konpromisoa da.

Izaskun_Arrue_omenaldia

 

Lore eskaintza Izaskun Arrueri

Ekitaldiaren bukaeran Izaskun Arrueri, Arabako lehenengo andereñoari, omenaldia egin dio Gasteizko Udalak. “60ko hamarkadan iritsi zen Izaskun Arrue hona, Gasteizera. Nafarroatik etorri zen, eta etorri bezain pronto bere etxe txikia ireki zuen euskara eskolak egiteko. Gaurko Olabideren hazia. Gasteizen eta Arabaren euskalduntzearen hasiera.” aipatu du Iñaki Prusillak. Izaskun Arrue Gasteizeko eta Arabako euskaldunontzat erreferente argia izan da eta bere heriotzarekin batera etorri diren maitasun eta elkartasun keinuak, horren proba ezinhobeak dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide