Astelehenean zabalduko dute San Silvestre lasterketan izena emateko epea

Erredakzioa 2016ko abe. 2a, 13:12
Irudia: Vamos a correr

Jasotzen den dirua Alboko Esklerosi Amiotropikoaren Arabako Elkarteari emango diote.

San Silvestre lasterketaren XXXIV. edizioak Korazonisten kaletik Olagibel kaleraino dauden 6.250 metroak egingo ditu, Gaztelako atean, Manuel Iradier kalean eta Herrandarren kalean barrena. Lasterketan 4.000 pertsona inguruk hartuko dute parte eta lasterketan izena emateko epea datorren astelehenean, hilak 5, zabalduko dute.

Antolatzaileek izen-ematearen garrantzia azpimarratu dute, batetik, izena ematen dutenek asegurua dutelako eta, bestetik, inskripzio bakoitzeko euro bat Alboko Esklerosi Amiotropikoaren Arabako Elkarteari emango zaiolako. Prezio herrikoiak izango dira: bi euro umeen lasterketarako, eta hiru  helduentzat.

Umeen lasterketa (2002tik 2011ra bitartean jaiotakoak), 17:30ean aterako da Olagibel kaletik, eta 1.100 metro egin beharko dute, leku berera itzultzeko. Herri lasterketa 18:30ean abiatuko da Korazonisten kaletik, eta Olagibel kalean bukatuko, 6.250 metro egin ondoren.

Abenduaren 5etik 20ra arte eman daiteke izena, www.mediamaratonvitoriagasteiz.org web-orrian; aurreko edizioen aldean bi aste luzatu da epea. Dortsalak Pilar, Ibaiondo, Iparralde, Judimendi, Aldabe, Hegoalde, Lakua eta Salburuko gizarte etxeetan jaso ahalko dira, abenduaren 23tik 31ra arte. Aurtengo berrikuntza da Iradier Arenan ere eman ahalko dela izena, eta dortsala zuzenean jaso, abenduaren 28tik 31ra arte, prezio berean, Haurrentzako Eguberrietako Parkerako sarrera-salmentarako leihatiletan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era (31n, goizez bakarrik).

Herri lasterketa izanik, dortsalak  ez du zenbakirik, eta ez da ez sailkapenik egingo ez denborarik hartuko; lehenengoek baino ez dute saririk jasoko. Lehen emakumeak eta lehen gizonak 600 € jasoko dute, bigarrenek, 400 €, eta hirugarrenek, 200 €. Umeen lasterketan,  lehen neskak zein lehen mutilak kirol materiala erosteko 60 euroko txartela jasoko dute. Babesle nagusiak, bestetik, argazki-lehiaketa batean parte hartzeko aukera emango du, lasterketan argazkia eginez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide