Euskararen Eguna 2016

Euskaraz bizi ahal izateko erronkak plazara, Euskararen Egunean

Erredakzioa 2016ko abe. 2a, 14:06

Datorren larunbatean, Euskaldunon Erronken Zuhaitza inauguratuko dute GEU elkarteak eta Arabako Aleak. Ondoren, kandelen mosaiko erraldoia piztuko dute Andre Maria Zuriaren plazan.

Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan Gasteizen Euskarak 365 egun ekimena antolatu dute GEU elkarteak eta Arabako Aleak. Aurtengo ekimenaren leloa Pauso bat aurrera da eta herrian euskararen arloan aurrerapausoak emateko erronkak proposatu nahi dituzte Horretarako, herritarrei beraien ekarpenak egiteko eskatuko diete, honako galdera eginez: Zeintzuk dira zure erronkak euskararekiko? Ekarpen hauek guztiak Oihaneder Euskararen Etxean kokatuta egongo den Euskaldunon Erronken Zuhaitzean eskegi ahal izango dira, urtarrilaren 6ra bitartean.

Abenduaren 3a, egitaraua

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, hainbat ekintza izango dira. Euskaldunon Erronken Zuhaitza aurkeztu, mezuak idatzi eta eskegi, eta kalejiran erabiliko den materiala (kartelak, pegatinak eta kandelak) banatuko dira. Ostean, kalejiran joango dira bertaratukoak Andre Maria Zuriaren plazaraino Euskarak 365 egun lelodun kandelen mosaikoa amaitzeko. Era berean, herritarrek euren erronkak plazan irakurri ahal izango dituzte, mosaikoa osatuko duten 1500 kandeletako bat jartzearekin batera.

 

18:45 Abiapuntua Oihaneder Euskararen Etxea: Materiala banatu (pegatinak, kandelak,...)

19:00 [AURKEZPENA] Euskaldunon Erronken Zuhaitza – Oihaneder Euskararen Etxea

19:30 [KALEJIRA] Oihaneder Euskararen Etxetik – Andre Maria Zuriaren plazaraino

20:00 [KANDELEN MOSAIKOA] EUSKARAK 365 EGUN- Pauso bat aurrera testuaren eta herritarren erronken irakurketa. Aldi berean, mosaikoa osatzeko kandelak piztu eta jarriko dira.

Arabako ALEA,Zizta Euskara taldea, Odon de Apraiz ikastola, Olabide ikastola, Toki Eder ikastola, Sarburu elkartea, Armentia ikastola, Lazarraga Kultur elkartea, Mariturriko guraso elkartea, Udaberria euskaltegia, IKA euskaltegia eta AEK euskaltegia dira egitasmo honetan parte hartu duten eragileak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide