EJZ zergaren igoerarekin iaz baino 5 milioi euro gehiago bilduko ditu Udalak

Erredakzioa 2016ko urr. 31a, 16:44

Lau kideko familia batek urtean 11,91 euro gehiago ordaindu behar izango du, hasiera batean udal-gobernuak proposatutako 38,24 euroen aurrean.

2017ko zerga, tasa eta prezio publiko nagusien inguruko akordioa adostu du udal gobernuak EH-Bildu, Podemos eta Irabaziren udal taldeekin. Hitzartutakoaren ildotik, igoerak izango dira, besteak beste, ekonomia-jardueren eta ibilgailuen zergetan. Ura eta zaborraren tasek ere gora egingo dute.

Aldaketa nabarmenena Ekonomiaren Jardueraren Zergarekin (EJZ) du zerikusia. Hala, 2017an milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresek ere ordaindu behar izango dute EJZ; orain arte, fakturazio-muga bi milioi eurotan zegoen. Horrez gain, zerga kalkulatzeko koefizientea igotzea adostu dute; 1,14tik 1,93ra, hain zuzen ere. Neurri honi esker, datorren urtean 5 milioi euro gehiago bilduko ditu Udalak eta aldaketa, guztira, 800 enpresari eragingo dio. Zehazki, EH Bilduk eta Irabazik aurkeztu zuten zuzenketa da, eta EAJ eta PSE-EEren babesarekin eta Podemosen abstentzioarekin aurrera atera dena. "Akordio honekin, guztiaren gainetik herritarren interesa jartzen dugu, udal kutxei eragiten dien 20 milioi euroko egiturazko defizita zuzentzeko neurriak eskatzen baitizkigute", adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok. Aldi berean, EH Bilduko bozeramaile Miren Larrionek azpimarratu duenez, "gehien duenak gehiago ordainduko du".

Gainerako zergak

Herritarrei zuzenean eragingo dien zergei dagokienez, %10 igoko da ibilgailuen gainekoa. Honetan hobari berriak ezarri dituzte; zenbatekoaren %90ekoa ibilgailu elektrikoen kasuan, eta %50ekoa, berriz, EKO ibilgailuetan. Aldiz, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergak berdin mantenduko dira. Baina deskontuak izango dituzte birgaikuntza energetikoa eta irisgarritasuna barne hartzen dituzten lanek; %85eko deskontua, hain zuzen ere. Deskontua %80koa izango da A klaseko birgaikuntza energetikoa dakarten obretan, eta %50ekoa B energia-etiketa lortzen bada. Orobat, %80ko hobaria izango da etxebizitzen garajeetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak instalatzeko obretan.

Gainbalioaren zergari dagokionez, gobernu-taldearen proposamena aurrera atera da, katastro-balioen jaitsierak diru-bilketan ekarriko duen beherakada gutxitze aldera. Ondorioz, 6.300.000 euro inguru gutxiago jasoko ditu Udalak.

Tasa eta prezio publikoak, berdintsu

Orokorrean, tasa eta prezio publikoak berdin mantenduko dira, urarena eta zaborrarena izan ezik. Lehenengo kasuan, adibidez, % 2,6ko igoera izango du. Zabor-bilketan ere aldaketak egongo dira: etxebizitzek eta negozio txiki zein ertainek %3 gehiago ordainduko dute; establezimendu handiek, berriz, %8 gehiago. Horrela Urtaranen gobernuak proposatutako %15eko igoera baztertu eta EH Bilduk aurkeztutako Birziklatzearen inguruko itunari eutsiko dio Udalak. Hala, milioi bat euro inguru biltzea aurreikusten dute, "baina ez zaborraren zerga igotzen, baizik eta birziklatze tasa handituz", zehaztu du Larrionek. "Gehiago birziklatzen badugu, zaborren ordainagiriak ez dira horrenbeste igoko". Zentzu horretan, itun honen bitartez birziklatze-tasa %25etik %50era igo nahi dute.

Kirol-instalazioen, TAOren, musika-eskolaren, folklore-akademiaren eta dantza-kontserbatorioaren zergak, aldiz, bere horretan mantenduko dira 2017an. Haur-eskolen kasuan, lehengoan eutsiko zaie tarifei, eta, gainera, doakoak izango dira ekonomia ahuldade egoeran dauden familietako 2 urte bitarteko haurrentzat.

11,91 euro gehiago familia bakoitzeko

Diru-bilketa orokorrari erreparatuz, 2017an aurten baino milioi bat euro gutxiago bilduko du Udalak. Lau kideko familia batek, esaterako, urtean 11,91 euro gehiago ordaindu behar izango du, hasiera batean udal-gobernuak proposatutako 38,24 euroen aurrean, hau da, horren herena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide