Adostu dituzten partidak ez burutzea egotzi diote Urtarani

Estitxu Ugarte 2016ko urr. 18a, 18:40

Adostutako aurrekontuaren erdia soilik egin dela ohartarazi du EH Bilduk; Podemosek dio egitasmoak ez direla bete.

Aurrekontua aurrera ateratzeko adostutako partida ugari egin gabe daudela salatu dute EH Bilduk eta Podemosek; biek eskatu diote Gorka Urtaran alkateari hitza betetzeko. "Gobernuak hartutako konpromisoak betetzen ez baditu, etorkizunera begira oso zaila izango da akordiorik erdiestea", nabarmendu du Podemoseko zinegotzi Jorge Hinojalek.

Udal gobernuaren jarrera "politikoki oso larria" dela adierazi du, bere aldetik, Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak: "Ez dakigu akordioa betetzeko benetako borondate falta dagoen edo udal gobernuaren gaitasun falta den". Alderdi abertzaleak proposatu zituen aurrekontu-sailetatik soilik %4,5 bete da, Larrionen esanetan. "Bi hilabete eta erdi geratzen dira aurrekontua ixteko, eta onartu zituzten 38 zuzenketetatik solik bi gauzatu dira. 31 zero absolutuan daude, eta bost partida abiatu besterik ez dira egin", zehaztu du EH Bilduk.

Larrionek salatu du, hain zuzen, "Gasteizko bideragarritasun ekonomikoa bermatzen zuten partidak" baztertu dituela udal gobernuak. Horien artean daude nekazaritzako elikagaien planari zuzendutakoak, lehen sektorearen komertzializazio planarenak, enplegu berdea, Hegaraba, enpresa txiki eta ertainen planak, edo energia berriztagarriekin zerikusia zutenak.

Halaber, kritikatu du zenbait gizarte-partida ez direla abiatu, horien artean aurreikusita zeuden Emakumeen Etxea, San Martin eta Judimendiko zahar-etxeak, Memoria Gunea, edo emakumezkoen kirola eta kirol barneratzailea diruz laguntzeko programak.

"Gustuko ez dituztelako"

Egoera horren aurrean, EH Bilduk nabarmendu du EAJk eta PSEk proposatu zituzten diru partidak "normaltasunez" gauzatzen ari direla. "Agerikoa da beraien aurrekontuak soilik betetzen ari direla, eta EH Bilduk proposatu zuena desagertzen ari dela, gobernuak gustuko ez dituelako”, kritikatu du Larrionek.

Haatik, adostutakoa betetzeko borondatea berretsi du EH Bilduk. “Sinatu genuenaren alde egiten dugu, baina Urtaranek egoera irauli behar du, eta eman zuen hitza bete".

Larrion bezala, oso kritiko agertu da Podemoseko zinegotzia udal gobernuaren jarrerarekin. "Ez da ezer bete", esan du Hinojalek, eta azpimarratu du zahar-etxe berriak ez direla abiatu, katuen babeserako programa ere ez, eta Jose Uruñuela eskolan lanerako orientabidea ez dela zehaztu. "Prest egon gara adostutako partiden inguruan hitz egiteko, baina soilik behin deitu digute, esateko oso zaila izango dela legegintzaldi honetan akordioa betetzea".

BRTren atzerapena

Beste alde batetik, Urtaranen udal gobernuak BRT tren lasterraren inguruan aurkeztu behar duen ikerketa atzeratu dela salatu du EH Bilduk, eta, horrenbestez, Europatik etor daitezkeen diru-laguntzak galtzeko arriskua dagoela ohartarazi du alderdi abertzaleak.

Hala, EH Bilduko zinegotziek premiazko bilera bat eskatu dute, udal gobernuak "hiriaren mugikortasunerako ezinbestekoak diren proiektuaren gakoak azaldu ditzan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide