"Sufrimenduaren parte batek bizirik jarraitzen du oraindik"

Anakoz Amenabar 2016ko ira. 29a, 17:31
Unai Gonzalez, Alearen egoitzan. / Saioa Fdz de Arangiz

Sakabanaketa politikaren kontra jaiotako elkartasun jaia izango da urriaren 1eko Udazkenfest; haren ondorioak bertatik bertara bizi izan zituen Unai Gonzalez preso ohiak.

 

Egun indarrean den espetxe politikaren ondorio larrien  aurrean, elkartasuna adierazteko jaia izango da larunbaterako Gasteizen antolatu duten Udazkenfest. Sakabanaketak eragiten duen "odolustearekin" amaitu eta "elkartasun doinuz" jantzi nahi dute bidea. Kilometro ugariko bidea, muga fisikoaz haragokoa, Unai Gonzalez (Gasteiz, 1980) preso ohiak hezur-haragitan bizitakoa.   

Zer esanahi dauka zuretzat "sakabanaketa" hitzak?

Gauza desberdinak. Alde batetik dispertsioaren alde politikoa, presoei eragiten dizkien ondorioak, sakabanaketaren distantzia bera baino handiagoa: isolamendu soziala. Bidaiak dakartzan kilometroekin batera, posta berandu jasotzea, egunkaria... Zure herri eta inguruaren berri izateko eskubide hori bat-batean desagertu eta, nolabait, zure ingurune sozial eta politikotik urruntzen zaituzte, kanpo zaude. Ondorio politiko horrekin batera, niri pertsonalki datorkit burura alde humanoa eta ondorio humanoa. 

Sei urte egin zenituen kartzelan.

Bai, hiru urte izan ziren Aranjuezen espetxealdi prebentiboan, eta epaiketan kalera bidali gintuzten, bi urte eta erdi eta hiru urtera arte zigortu gintuztelako. Gerora, Auzitegi Gorenera heldu zen auzia eta luze jo zuen erantzunak; baina T4ko atentatua gertatu eta hamabost egun ondoren erantzun zuen, esan zuen talde terrorista zirela Jarrai, Haika eta Segi, eta beraz, sei urte zirela. Langraizeko kartzelan bi egun eta, berriz dispertsioaren ondorioz, Teruelera bidali ninduten.

Zer ondorio ditu sakabanaketak egunerokoan?

Espetxe batetik bestera gauzak aldatzen dira, baina posta, esaterako, hogei edo hogeita hamar egun berandu jasotzen duzu, eta hizkuntzarengatik are beranduago izan daiteke. Horrek esan nahi du zure inguruarekiko nolabaiteko haustura gertatzen dela, lagun gisa, bikote gisa, seme edo aita gisa...moztuta daukazu zilborrestea. Ezin duzu ekarpen handirik egin zure lagun batek arazo bat baldin badauka, hogei egunera enteratu eta beste hogei egunen buruan jasotzen duelako erantzuna.

Ekonomikoki ere baditu ondorioak familietan.

Bai, ikaragarria da. Hainbat ataletan ditu ondorioak, eta zer esanik ez haurren kasuan; ikastola orduak galtzen dituzte ostiraletan edo astelehenetan bisita egin ahal izateko, eta bisita amaituta lur jota doaz ikastolara, bidaian pasa dutelako asteburua.

2007ko abenduan bizi izan zenuen dispertsioaren ondoriorik gordinena, ezta?

Bai, urte bereko otsailean sartu nintzen Terueleko kartzelara eta gabonetan gertatu zen. Aurrez aurrekoa nuen abenduaren 22an, gabonak zirelako eta nire amaren urtebetzea ere bazelako, eta gurasoak, bikotea eta haren ama zetozen. Istripua izan zuten kotxean, eta handik hiru egunera hil zen amaginarreba. 

Are zailagoa egoera hori kartzela barruan.

Galdurik sentitzen zara. Orduan, berriz ere, komunikazioen kontua behar beharrezkoa da. Istripua gertatu dela esaten dizute baina ezin duzu inorekin hitz egin. Ezin duzu nahi duzun momentuan bikotea deitu zer gertatu den jakiteko, nola dagoen galdetzeko... Eta deitzea lortzen duzunean 5 minutuko deia da; pentsa, horrelako momentu batean dauden sentimendu guztiak bost minututan kudeatu beharra. Ezinezkoa da. Deitu, nola dauden ikusi eta ezer egin ahal ez izatea.

Atera zinetetik, nola aldatu da espetxe politika? 

Ez da aldatu, eta horrek kezkatzen nau. 2009ko abenduan atera nintzen, eta ordutik ETAk behin betiko amaitzea erabaki du, baina harritzen nau nola lehendik kalean ezagututako ekuazio horren, edo gatazka politiko horren zati bat desagertu den behin betiko, baina bestea ez. Herri honek sufrimendu asko pairatu du alde guztietatik, eta nolabait sufrimenduaren parte bat amaitu da dagoeneko, baina sufrimenduaren beste parte batek bizirik dirau, eta niri gertatutakoa edozein asteburutan gerta dakioke beste norbaiti. Oraindik orain, giza eskubideen urraketak jarraitzen du eta hori onartzea zaila da.

Azkeneko urtea nolakoa izan da presoen senideentzat? 

Zorionez gero eta preso gutxiago daude, zigorra erabat beteta ateratzen ari direlako batzuk, baina ikusten ari gara Arabako gainontzeko presoek jarraitzen dutela sakabanatuta, distantzia berdinera edo gehiagora; zentzu horretan ez dago aldaketarik. Ingurukoek jarraitzen dute kilometroak egiten eta beren bizitza arriskuan jartzen asteburuko bisitak egiteagatik. Istripua izan eta gero, gainera, bisita bakoitza beste urduritasun batekin bizitzen dut.

Nondik etorri behar dira urratsak?

Batetik, gizartea aktibatzetik. Presoen gaia giza eskubideen urraketa izanik, guztion arazoa dela ulertu behar da; parte baten arazo izatetik jendarte guztiaren arazo izatera pasa beharko luke, gatazka politikoaren azkeneko urraketak direlako eta bukatu behar direlako. Bestetik, indar politiko, sindikal eta eragileen inplikazioa behar da, benetako inplikazioa: hitzetatik ekintzetara. Alderdiei dagokienez, uste dut falta dela "klik" bat, batez ere dispertsioaren abiatzean erantzukizuna izan zuen alderdia hitzetatik ekintzetara pasatzea eta benetan gaur egun horren kontra baldin badaude hortarako urrats praktikoak egitea.

Zertarako da beharrezko Udazkenfest? 

Gizartea aktibatzeko. Guztion arazoa dela eta guztion konpromisoa behar dela ikusarazteko egun aproposa izango da. Era antolatu batean adierazteko modua izango da elkartasun eguna.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide