Euskarazko sormen ikastaroetan izena eman daiteke oraindik

Mirian Biteri 2016ko ira. 26a, 09:34
Egilea: zinea.eus

Gertu du Oihanederrek Sortegiak euskarazko sormen ikastaroen eskaintza; antzerki sormena eta zinema sorkuntza ikastaroek osatzen dute. Aste bete luzatu dute izena emateko aukera.


Antzerki sormenari buruzko eskolak Javier Fernandez aktoreak eskainiko ditu. Antzerkiaren bidez taldea eta norbanakoaren arteko harremanak lantzea da tailer horren helburua; "hain zuzen ere, ekintza indibidual eta kolektiboen arteko harremanak eta mugak ikertzeko saiakera egingo da", antolatzaileek azaldu moduan.

Zinema sorkuntza ikastaroan zehar zinemaren teorian eta lengoaian ezinbestekoak diren hainbat puntu jarriko dituzte mahai gainean. Dena dela, tailerraren asmo nagusia sorkuntza denez, Maider Oleaga zinegileak gidatuko dituen saio gehienak praktikoak izango dira; antolatzaileen esanetan, norberaren esperientzia delako ikasteko eta barneratzeko modurik hoberena.

Ikastaroak 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta daude. Bakoitzak 25 euroko kostua du; langabetu, ikasle eta erretiratuentzat, ordea, 20 euroko balioa du. Izena ematearekin batera motibazio testua bidali behar da, ikastaroarekin lotura duen bakoitzaren esperientzia azalduz. Irailaren 30ean behin-behineko onartuen zerrenda ezagutaraziko da eta ordainketa egiteko epea zabaldu; irailaren 30etik urriaren 5era, biak barne.Behin-betiko onartuen zerrenda urriaren 6an jakinaraziko da.

Zortzi saio eta amaierako lana

Eskolak urriaren 15ean hasiko dira eta abenduaren 17ra arte luzatuko dira; larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara. Ikastaro bakoitzak zortzi saio izango ditu. Alde teorikoa zein praktikoa jorratuko da, eta bukatutakoan, ikasleek amaierako lana (antzezlana edo film laburra) aurkeztuko dute Euskararen Etxean. Hortaz, euskaraz sortzeaz gain, sortutakoa euskaraz erakusteko aukera izango dute.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide